2019/03/16

Dena dago deklaratzeke

Hamar urteko isilunearen ostean, eta bere buruari «traizio» eginda, argitaratu du Beñat Sarasolak «Deklaratzekorik ez». Harreman afektibo korapilatsuak, zaintza-lanak eta iraganaren zama izan ditu hizpide, euskal gatazkaren lainoa testuinguru duen eleberrian.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0316_kul_sarasola

«Neure buruari esan nion 40 urtera arte ez nuela nobelarik idatziko, gauza temerarioa dela hori, James Salter-ek esaten zuen bezala. Baita, hasiz gero, ez niola inori aitortuko idazten ari nintzela ere». Eta, gauzak zer diren, bere buruari «traizio bikoitza» eginda argitaratu du Beñat Sarasolak “Deklaratzekorik ez” (Susa), bere literatur ibilbideko lehen eleberria.

Poesian trebatua da donostiarra, aurrez argitaratuak ditu “Kaxa huts bat” (Susa, 2007) eta “Alea” (Susa, 2009), eta literatur mundua aski ezaguna du, kritikari lanetan aritzeaz gainera “Sautrela” saioko aurkezle izan baitzen.

“Deklaratzekorik ez” eleberriaz ezer gutxi aurreratu nahi izan zuen Sarasolak, «irakurlea ez baldintzatzeko», eta Harkaitz Cano izan zen Donostiako Pandora tabernako aurkezpenean nobela kokatu zuena. «90eko hamarkadan kale borroka besarkatu zuen belaunaldi baten ajea eta ondorena» irudikatzen du, Canoren hitzetan, eleberriko protagonista den lagun taldeak. «Garai hura kudeatzea dagokie, garai haien oihartzuna ez baita egundo itzali».

Euskal gatazka deitu izan dena da, beraz, eleberriko agertokia eta tramaren lerroetako bat, baina ez bakarra. Eri dagoen aitaren zaintzaz arduratu beharra, harreman afektibo korapilatsuetara bildu izana –bikotea 500 kilometroko distantzian egoteak ez dio onik egingo lehenik zartatua zegoen harremanari– eta iraganeko gertakarien berritze derrigortua dira eleberriaren zutoinak.

Protagonisten izaera eta ekintzak ahoan hartuta, «ez naiz pertsonaiek diotenaren erantzule egingo», ziurtatu zuen Sarasolak, “Deklaratzekorik ez” eleberrikoak ez baitira pertsonaia “sinpatikoak”, irakurlearen enpatia bereganatzen dutenak. «Pertsonaia hauek gauza bat esan eta bestea egiten dute, ez dira eredugarriak. Bizitzaren zurrunbilo horretan ahalik eta bizitza errazena izaten ahalegintzen dira, gu gehientsuenak bezala; ahal duguna egiten dugu, alegia», esan zuen. Hala, diskurtso politiko «gogorrak» topatuko ditu irakurleak, «nobelak erakusten baitigu badela beste errealitate bat gurearekin talka egiten duena. Zimur edo zikinkeria horiek gordin samar azaltzen saiatu naiz, baina gordinkerian erori gabe», azaldu zuen.

Azkenik, «fikzioaren aldarrikapena» egiten ahalegindu dela ere ziurtatu zuen, «irakurketa sinplista, erraz eta panfletarioetarako joera baitugu». Eta, fikzioa deserosoa bada, pertsonaia errealen bidez nobela errealista egiten ahalegindu delako dela esan zuen. “Deklaratzekorik ez”, beraz, baina esateko asko duen eleberria da Beñat Sarasolarena.