Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Etorkizuna

Azken asteetan, Europa mendebaldeko zenbait herrialdetan, lehen eta bigarren hezkuntzako umeak kalera atera dira; zera eskatzeko, politikan dabiltzan helduei lur honetan etorkizun bat izatea ahalbidetuko dieten ingurumenaren aldeko neurrien alde egin dezatela. Zenbait kasutan umeen plantoak eskola zuzendari, irakasle, zein gurasoen babesa eta parte-hartzea izan du. Izan dira, hala ere, “umeentzako kontuak” ez diren horietan parte hartzeagatik umeek eskola galdu izanaren kontra azaldu diren gizabanakoak; horien artean, politikariak. Azken horien ustez, umeek eskolan egon behar dute, ikasten, ulertzen ez dituzten kontuetan sartu gabe. Planteamendua argia da: heziketa eskola- eremura bakarrik mugatuta daude; gainerako guztia umeak alferrik galtzea da. Ikuspegi bera indartzera zetorren kamera aurrean politikari batek ume talde bati emandako erantzuna: umeak, ume diren aldetik, gai askotan ezjakinak direla aipatu ostean, postu berean hainbat urte daramatzala eta bere lana ondo egiten dakiela bota zien. Bere lanean hain ona izango balitz ez zitzaion batere kostako agian bere boto-emaileen seme-alaba diren horiei beren ustezko ezjakintasuna zertan den azaltzea, herritar informatuagoak izan daitezen. Politikariak, ordea, nahiago izan zuen irakaspen une bat izan zitekeen hori zaborretara bota. Gero kexu agertzen dira gazteek ez dutela politika, gizarte zein kultura arloko gaiei buruz interesik agertzen. Ez dut uste egia denik; interesa egon badago, baina uzten al zaie parte hartzen?