GARA
DONOSTIA

Gizarte ekimeneko eskolak, 21 egun greban, hobetzeko xedez

Zenbait guraso taldek esandakoari erantzunez, greba hauen helburuak argiak eta aski ezagunak direla eta ez dutela itunpeko sarea kaltetzeko edo bestelako asmo ezkuturik argitu dute sindikatuek. Lan baldintzak berreskuratu eta hobetzea dute xede eta, horrela, orain kaltetuak diren ikasleek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatea hobetzea.

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk martxorako deitutako greba egunek ere langileen «babes zabala» izan dutela adierazi zuten sindikatuek atzo. «Langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez, gatazkari irtenbide egoki bat emateko erantzukizuna, giltza eta aukera» patronalak eta Hezkuntza Sailak dutela erantsi zuten.

Azken bi ikasturteetan sektorean gauzatu den 21. greba eguna izan zen atzokoa, ikasturte honetako hemezortzigarrena eta hil honetako laugarrena, eta babesa «oso zabala» izan zen. Milaka langile batu ziren Donostian izandako manifestazioan, ikastetxe hauetako «lan baldintza kaskarren ondorioz bizi den nahigabe orokortuaren erakusgarri». Sektoreko langileek hamar urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe, soldata izoztuta, lan karga gero eta handiagoekin. Gainera, jaiotza tasa jaitsi denez, lanpostu galera garrantzitsua aurreikusten da datozen urteetarako.

Eskaera zilegi eta oinarrizkoak

«Langile kidego batzuek (hezkuntza laguntzako espezialistak eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnek, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, eta beharrezkoa da Lanbide Heziketa gehiago arautzea», agertu zuten sindikatuek.

Eskaerak zilegi eta oinarrizkoak direla defendatu zuten eta negoziatzera erabat irekita eta edukietan sakontzeko prest agertu ziren, «beti bezala». «Patronalak badaki akordio puntuak non dauden, eta Hezkuntza Sailak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu», azpimarratu zuten.

Sindikatuek langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbide egoki bat emango dion prozedurarik alboratzen ez badute ere, argi daukate bide honetan nahitaez Hezkuntza Sailaren inplikazioa eta parte-hartzea ezinbestekoa izango dela, «patronalen negoziaketarako benetako borondatearekin batera». Hala, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk bai patronalei bai Lakuari eskatzen diete bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain hartu, eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzala, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez».

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak zoriondu zituzten beste behin ere, erakutsi duten «tinkotasun, indar eta konbentzimenduagatik».