GARA
OSASUNA

«Irabazitako partida bakoitza egutegiari orri bat kentzea bezalakoa da»

Malagaren etxean lortutako garaipenak lidergoan sendotu du Osasuna, baina jada igandean Sadarren Majadahondaren aurka jokatu beharreko neurketari begira daude jokalari gorritxoak zein entrenatzailea.

Atzo Jagoba Arrasateren txanda izan zen prentsa aretoan. Osasunak bizi duen momentu onari buruz galdetuta, Berriatuko entrenatzaileak adierazi zuen «atzerako kontaketa» bat bezalakoa dela egoera, eta hemendik aurrera irabazten duten partida bakoitza, «egutegi batetik orrialde bat kentzea bezalakoa».

Hurrengo aurkariari buruz mintzatzean, azpimarratu zuen «oso talde arriskutsua» dela. «Futbolean oso ondo aritzen den taldea da, arriskuak hartzen ditu, bizkar atzean mina egiten dizu eta gainera golak egiten ditu trantsizioetan», gaineratu zuen Arrasatek.

Entrenatzaile gorritxoak bere taldea «dinamika onean» dagoela onartu zuen, baina badaki partida asko emaitza estuengatik edota markagailua altxatu ondoren irabazi dituela. «Horrek fisikoki eta mentalki desgastea dakar». Guztiz kontrakoa gertatzen da estresarekin. Albaceteri eta Malagari –hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren– zazpi puntuko aldea ateratzeak on egiten die gorritxoei eta estresa sor diezaieke beste taldeei.

Azkenik, Nacho Vidal eskuin hegaleko jokalariaren baja Lillok bete lezakeela iragarri zuen, «baina hiru hilabete daramatza lehiatu gabe». Hala, «balioaniztuna» den Oierrek ere har lezake postua. Beste zenbait jokalari daude lau txartel horirekin. «Espero dugu denek partida berean ez ikustea bosgarrena, hori bai, arazo bat izango litzatekeelako», aipatu zuen.