GARA
GASTEIZ

Arteak Ireki plataformak «kultur aktibazio eguna» antolatzera deitu du dekretuari aurka egiteko

Martxoaren 23an EAEko herri eta hirietako lokal txiki eta tabernetan era guztietako kultur ekintzak antolatzeko deia zabaldu dute.

Lakuak, apirilean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban lokal eta tabernetako kontzertu eta kultur ekintzak mugatuko dituen dekretua jarri nahi du indarrean –gehienez 12 ekitaldi urtean eta 2 hilabetean–. Horri erantzuteko sortu zen Arteak Ireki plataforma. Atzo agerraldia egin zuten Arrasaten, martxoaren 23rako “Aktibazio kulturaleko eguna” deitzeko, “Hartu zure kultura-espazioa” lelopean: «Nork bere herrian, espazio hauen garrantzia azaleratzeko edozein ekintza antola dezala. Kultura behe-behetik defendatzera irteteko deia egiten diogu gizarte osoari».

Dekretuari dagokionez, aipatu zuten «Bilbon edo Arrasaten, Agurainen edo Durangon, ostalaritzaren zati handi batek eta kultur eragile guztiek lur honek sekula ezagutu ez duen murrizketa» jasango dutela neurri hori martxan jartzen bada. «Ez zegoen lekuan arazoa sortu du Eusko Jaurlaritzak eta horren erakusle dira araudi berri honen aurka agertu diren milaka norbanako, sortzaile, auzokide, kulturzale eta bultzatzaileak», esan zuten.

Kaltetuak saltoki txikien ekonomia, turismoa, auzoetako bizitza, herrietako jaiak eta, batez ere, kultura izango direla argi izanik, instituzioei ulertarazi nahi diete «espazio hauek gure egunerokoaren parte garrantzitsua» direla, programatzaileek historikoki kulturari egin dioten ekarpena kalkulaezina dela eta, horrez gain, hasiberrien eskola direla, herritarren elkargune eta kulturzaleen topaleku eta erakusleku.

Ez dute ordutegiak eta zarata arautzea kritikatzen, ezta auzotarrekin kontziliatzea ere, baina ez dute ulertzen zer zerikusi duen horrek emanaldi kopuruarekin eta zein onura ekarriko lituzkeen dekretuak. «Formatu txikiko zuzeneko arteen aldeko arautegi berri bat lortzea beharrezkoa da».

Gasteizko Udalak iragarri du ez duela kultur ekintzen kopurua mugatuko eta pauso hori positiboki ikusten du Arteak Irekik, baina ez du askitzat jotzen.