Xole ARAMENDI
DONOSTIA
Elkarrizketa
JOSEAN BENGOETXEA
AKTOREA

«Bizimodu honek, beste batzuek ez bezala, aberastu egin nau»

Zortedun sentitzen da nahi duen lanbidean jardun dezakeelako. Madrilerako maleta egin zuen duela hamar urte, beste asko etxera bueltan diren adinean. Izen-abizenez askok ez dute ezagutuko, baina bere presentzia ohikoa da Euskal Herriko ekoizpenetan zein hemendik kanpokoetan.

Adeitsu agurtu gaitu. Solasaldia hasi eta pare bat minutu nahikoak izan ditugu lanbideaz, sorkuntzaz, denboraren joanaz, bizitzaz, beldur intimoez... hausnartzen hasteko. Ur sakonetan igerian egiteko. Elkarrizketan baino hizketaldi atsegin eta interesgarrian. Lanbide honetan nahi baino gutxiagotan gertatzen dena. Kazetariarentzat pagotxa.

Oso muga gutxi onartzen dizkio bere buruari kameraren aurrean edo agertokiaren gainean. «Familia daukazulako, ez zarelako diruz iristen... horiek izan behar dute mugak. Beldurrak-eta ez ditut onartzen. Aukera badaukat, aurrera egiten dut», dio. Eta kamera eta agertokietatik urrun ere halaxe jokatzen duela dirudi.

Azken urteotan makina bat proiektutan ikusi dugu Josean Bengoetxea (Donostia, 1964), dela zineman, dela telebistan, dela antzerkian. Orain geldialdia datorkio. Aktoreek hainbesteko beldurra dioten horietakoa. Baina lasai ageri da: «Gure lanak berezkoa du hurrengo lana noiz izango duzun ez jakitea; beraz, horretaz jabetu behar duzu hasieratik, ezin da traba izan; trabak beste batzuk dira».

«Geldialdiak eragin diezazukeen intseguritatea zure kontra etor daiteke berriz lanean hasterakoan, antsietatea nagusitzen zaizu. Eta artistak, sortzeko, lasaitasuna behar du».

Interpretazioa, batez ere zuzeneko saioetan, saltoa ematea da. «Beldurrak daude, intseguritateak... onartzen baduzu ez dela ezer gertatzen, gauza okerragoak daudela bizitza honetan, eta zurea egiten baduzu, horrek indartu egiten zaitu, bai artistikoki, baita pertsonalki ere».

Gertatzen da. Hilabeteak joan, hilabeteak etorri, eta telefonoa mutu. «Norberak edo ordezkariak saltzeko moduak edo lana aurkitzeko baliabideak bilatzen ditu; izan ere, hori ere gure lanbideari dagokion beste ezaugarria da. Alegia, gure burua saldu egin behar dugu. Baina ahalik eta gehien dedikatu behar dugu gehien maite dugunera, lan artistikora».

Zortedun sentitzen da. Behin eta berriz halaxe aitortuko du. «Zortea izan dut, ez dut geldialdi handirik izan, ez dut momentu oso gogorrik bizi izan», adierazi du. Baina zoriaren zain egon beharrean haren bila ateratzen denetarikoa da Bengoetxea. «‘Zer ari da hau intseguritateaz hitz egiten, beti lanean ari da eta?’, esan dezake norbaitek. Bai, hala da. Baina kostata, eta erabaki handiak hartuta. Beldurren kontra ere egin dut», nabarmendu du aktoreak.

Madrilerako bidea hartu izanaz ari da. «Duela hamar urte Madrilera joan nintzen bizitzera eta semea hemen geratu zen. Dezente eroa egon behar du batek. 44 urte nituen eta adin horretan asko etxerako bueltan dira!», nabarmendu du.

Jorge Einesen antzerki eskolan sartu zen urtebetez. «Asko estimatzen dudan maisua da. Nire burua telebista kate bati eskaintzeko asmoz ez nintzen joan. Lurrera jaitsi, sentitu eta lokatzetan jardun nahi nuen; benetan aktorea nintzen ala zorte kontua bakarrik zen jakin nahi izan nuen», azaldu du. Ondo joan zen. «Dituzun txoriak kentzen, garbitzen, laguntzen dizu, batez ere artistikoki, baina horrek berak beste toki batzuetara zaramatza, dena oso lotuta dago. ‘Zerotik ez naiz hasiko, baina birziklatze potentea egingo dut’, pentsatu nuen. Lanbide honetan nonbait kokatzen zaituzten erabakiak dira. Lanbidean eta bizimoduan, lanbidea baino gehiago bizitzeko modua baita», esan du.

Bidean aurrera

Aurrerapauso garrantzitsutzat du maleta egin izana. «Hemen zerbait faltan sumatzen nuen antzerkian. Orain ez, gaur egun oso jende gazte eta potentea dago. Lan handia egiten ari dira berritzen eta euskarazko antzerkiaren momenturik ederrenetakoa da. Antzerkia beti ulertu izan dut ikertzeko gune bezala, berritze konstantean dagoen artelana. Garai hartan sektorean ikusten ez nuenez, behintzat bidea indibidualki egitea erabaki nuen. Eta Madrilen zortea izan dut; han dauden hiru zuzendari handienetarikoekin aritu naiz, Andres Lima, Andres del Arco eta Alfredo Sanzol, azken hau nafarra. Halere, antzerkian gauza dezente geratzen zait egiteko», adierazi du.

Pertsonaia lantzerakoan nondik hasten zara, psikologiatik ala gorputzetik? «Galdera polita da. Ni Jorge Eimesengana joan nintzen, bera gorputzetik hasten delako. Ez du analisi psikologikorik egiten. Klasikoak lantzen ditu, gainera... Lorca, Ibsen edo Shakespeare. Bere lan egiteko metodoa bitxia da. Zorura, egur gainera, botatzen zaitu, barruan daukazun animalia hori ateratzera. Norbaitentzat lan psikologikoa izan daiteke, baina ez, gorputzak hitz egiten du. Iturrietara jo, irakurri eta hainbat lan egin dezaket aurrez, baina gero ahaztu egiten dut. Bota egiten naiz igerilekura eta gorputzak agintzen du».

Biluztu. «Gorputz osoa, sentimenduekin. Biluztu egin behar zara, ahalik eta gehien biluztu, benetan zarena aterako duzu». Anderren larruan egin zuen lehen biluzi integrala zineman (“Ander”, Roberto Caston, 2009). Paper hura mugarria izan zen Bengoetxearen ibilbidean. Biluztea ez zen fisikora mugatu. Pertsonaia hark aurrez aurre jarri zuen beldurrekin. «‘Ni ere homosexuala naizela deskubritzen badut?’, pentsatu nuen. Beldurrak sortzen zaizkigu eduki dugun heziketarengatik. Izan ere, pertsonaiari hori gertatzen zaio», kontatu du.

Zintzotasuna. Proiektu hark utzi dion beste ikasgaia. «Filmaketan zuzendaria behin baino gehiagotan entzun nuen zintzotasunaz hitz egiten eta geratu egin zait. Berak gustukoa duen zinemak, hasteko, zintzoa izan behar duela zioen. Nik uste gehien kostatzen dena hori dela. Hor badago egoekin eta beldurrekin borroka. ‘Zintzotasuna nahi badu barruraino sartu beharko dut, literalki’ esan nuen neurekiko, eta gauza asko ireki zizkidan».

Ikasgai gehiago ere bazituen zain. «‘Ander’-en hasi nintzen nire lanarekiko jarrera sakonagoa izaten eta bide horretan jarraitu dut. Hurbildu eta iturrietara jotzea, baina benetan. Batetik, aurreiritziak kentzen dituzu, eta bestetik, beste iritzi batzuk indartu egiten dira. Bitxia da, baina horrek bizitzarekin lotzen zaitu. Bizimodu honek, beste batzuek ez bezala, gizaki bezala aberastu egin nauela sentitzen dut. Aurrean dudan gizakia –ez denak, lan guztiek ez didate maila berean eskatzen– ulertzeko aukera daukat, enpatia izateko, eta horrek aberastu egiten zaitu».

Horixe baita pertsonaia batengana gerturatzeko lehen pausoa. Ulertzen saiatzea. «Bere desioak, beldurrak, oztopoak... ulertzen saiatzea da. Eta nire ustez, hori baino liburu edo Internet hoberik ez dago».

Zerbitzariaren edo errezepzionistaren atzean oso unibertso interesgarria dagoela sinetsita aritu da lanean. Aktore sekundario bezala. Protagonista bezala lan egitea errazagoa den galdetuta, baietz dio. «Protagonistak asko eginda dauka gidoitik bertatik eta askatasun handiagoa izan dezake, nahiz hori zuzendariaren arabera izan ohi den. Dena den, ez nuke bereizketa handirik egingo aktore nagusien eta sekundarioen artean, ez behintzat maila artistikoan. Bi sekuentzia ala hamalau izan, niretzat gauza bera da».

Udazkena Madrilen eman du, Valle Inclanen “Luces de Bohemia” antzezten. Agertoki gainera igotzeko irrika zuen, nahiz eta ekonomikoki galtzen atera. «Hiru film eta telesail bati ezetz esan behar izan nien. Bat komedia zen eta gogo handia daukat komedia egiteko. Shakespeareren klasiko bat pozik egingo nuke». «Saltoa emateko momentu horretan sentitzen duzun bertigoak eta saltoa eman ondoren sentitzen duzun askatasun puntuak» lotu zuen interpretaziora. «Zerikusirik izango du egoak, ez dakit... izan ere, norbaitentzat egiten duzu, ez duzu zuretzat egiten. Mamu guztiak askatu ditzakezu eta ez daukazu inongo arriskurik, ez zaizu ezer gertatuko», kontatu du.

Egoa. «Horren fama dugu aktoreok eta bai, noski, ez dut arazorik nire egoa onartzeko».

Hori argi utzita, talde-lana azpimarratzen du. «Pertsonaia denak dira istorio baten protagonista. Batez ere, zineman sentitu izan dut lantalde handi baten parte naizela; artelana ona izango da nork beretik ematen badu, eta lan kolektibo bezala sentitu izan dut. Eta nirekin lan egin dutenek hala esango dutela uste dut, garrantzi handia eman diot kolektibitateari eta proiektuarekiko inplikazioari. Noski, lan baldintza egokiak bermatuta izan behar ditut askatasunez lan egin ahal izateko. Behin hori lotuta edukita, izugarri maite dut nire lanbidea eta albokoari ere gauza bera eskatzen diot. Asko axola dit».

Zure lanean sinetsi. Halaxe esaten die lankideei. «Pelikula nola egingo duen zuzendariak daki. Nik nire esku dagoen guztia jartzen dut istorioaren zerbitzura, baina zuzendariei eta gidoilariei esan izan diet ‘pertsonaia gehien ezagutzen duena ni naiz, ez zuek’. Batzuek onartu egin izan didate. ‘Akzioa’ esaten duten momentuan zu bakarrik zaude, ez dago beste inor. Ordura arte zu lantaldeko pieza bat zara, baina zure lanean sinetsi egin behar duzu, bestela ez zara sortzaile; eta horretarako kontratatu zaituzte, ez aurpegia jartzeko bakarrik. Aktoreak intseguritateak jota ikusi ditudanean ‘zuk sinetsi zure lanean’ esan izan diet. Aktoreez ari gara, baina gauza bera lan teknikoaz arduratzen direnekin. Baina, era berean, zenbat argazkilari topatu ditudan filma berena dela uste dutenak! Zuzendariaren lana oso zaila da, asko errespetatzen dut».

Interpretazioa du pasio, baina ez bakarra. 5 urterekin harmonika hartu eta inork erakutsi gabe notak atera zizkion. Txistulari bezala aritu zen bere auzoan, Egian, Donostian, eta lehen musika tresna saxofoia izan zuen, 16-18 urterekin. Hura saldu eta baxua erosita, 80ko hamarkadan garaiko talde ezagunetan aritu zen baxu-jotzaile, Sanchis y Jocano taldean, eta Javier Sunekin eta Rafa Berriorekin. «Baina antzerkiak ez badu ematen, musikak zer esanik ez», bota du.

Tabernaria ere izan zen. 20 urterekin Bukowski erosi zuen beste hiru lagunekin. Ez zen ondo joan. «Taberna beherantz zihoan, antzerkian hasi nintzen diru pixka bat irabazten eta taberna saldu genuen. Gaur arte. Besterik ez dut egin».

22 urte zituen musika alboratu eta antzezpenaren bidea hartu zuenean. Gogoan du kameraren aurrean jarri zen lehen aldia. «Egiako gaztetxean ikastaro batean film labur bat egiten ari ginen. ‘Kameraren beste aldean norbaitek jarri beharko du’, esan genion elkarri begiratuta. Ni jarri nintzen eta mozkorrarena egitea egokitu. Hain ondo pasa nuen! Eta hurrengo egunean batere ajerik gabe gainera!». (barreak)

Orain bere erroetara itzuli da berriz, saxofoia jotzera. Elkarrizketa egin bezperan jazz kontzertua eskaini du Madrilen eta mintegi batera doa. «Musikari handiak elkartuko dira, asko ikasiko dut», dio. Aktore gisa bere buruari ematen dion askatasuna musikari bezala ematen ikasi behar. «Hala esaten dit nire maisuak, ‘ez pentsatu, utzi zure irudimenari lan egiten eta notak sortuko dira...’».

Komunikazioa. Musikari izatetik aktore izatera. «Antzerkian publikoarekin komunikazioa izateko denbora pixka bat behar izan nuen, hasieran ez nintzen aske sentitzen. Bat-bateko hori da maite duguna».

Antzezlana nahi bezala ateratzen ez denean ez du inork esan beharrik, «sentitu egiten duzu ez zarela komunikatzera iritsi».

Ez da atzera begiratu zalea. Baina gustura dago egindako bidearekin. «Boteprontoan esango nuke harro sentitzen naizela pelikula on dezentetan parte hartzeko zoria izan dudalako». [“Urte berri on, amona” filmeko elastikoa darama soinean]. Baina, zorteari bidera irten behar.