Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Casakatxan

Amona etxe zahar batean bizi zen, pasillo luzea zuena. Pasilloaren amaieran gela txiki bat zegoen. Amonaren oroimenen gordelekua. Ane ez zen ausartzen haraino heltzen, leku iluna baitzen, eta beldur pixka bat ematen ziolako; baina urrutitik jakin-minez begiratzen zuen gela txiki hura; zer gordeko ote zuen amonak bertan? Egun batean, argi ahul baten distira ikusi zuen atearen azpiko zirrikitutik ateratzen. Kuriositateak bultzatuta, kontu handiz, gelaraino gerturatu zen. Atea dardarti zabaldu zuen eta hamaika trasteren itzalak ikusi zituen. Mahai txiki eta zahar baten gainean zegoen liburu zahar batetik zetorren argitasun magiko hura. Jakin-minez, eta apur bat izututa, libururaino gerturatu eta azalean argituta zeuden hitzak irakurri zituen: Inongo Hiriak. Casakatxan. Liburua zabaldu eta irakurtzen hasi zen. Bat-batean  liburuaren barnean zegoen. Casakatxanen merkatuan zegoen, inon diren merkantzia harrigarrien merkatuan. Ane liluraturik paseatzen da hiriko kale estuetan barna…

Ane Gebara kontalari gasteiztarrak azaldu zigun zer esan nahi duen gasteiztarrentzat Casakatxanera joateak. Nonbait urrutira joatea da. Hori nondik datorren jakin nahi izan zuen. Aspaldian, ba omen zegoen hirian, apur bat aparte, denda bitxi bat, denetarik saltzen zuena; Katxanen denda. Katxan, denda bezala, tipo bitxia omen zen, alproja samarra. Garai hartan, amak haurra Casa Katxanera bidaltzen zuenean, urrutira bidaltzen omen zuen. Hortik adiera. Ipuinetako leku liluragarria. Inongo hiria.