Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Idazleen gorputza hausnarketa leku

Literaturaren joko zelaian guztiek ez dute karta berekin jokatu, eta jokatzen. Historian zehar azpiratuak izan dira emakumezko idazleak eta, egun mekanismoak sotilagoak badira ere, bertan dirau debekatutako eremuaren mugak. Muga hori aztertu du Eider Rodriguezek.

Aspaldiko kezka bati heldu dio Eider Rodriguezek “Idazleen gorputzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian” (Susa, Lisipe bilduma) saiakeran. Abeslari, idazle zein musikari izan, euren jardunaren aurrean emakumeek tonu edo egoteko modu jakin bat hartzen zutela ikusten zuen errenteriarrak, «baina zaila egiten zitzaidan hori adieraztea; eszenara modu konkretu batean ateratzen ginen eta bagenekien beste modu konkretu batean ezin gintezkeela sar. Kontuz genbiltzan zapaltzen ari ginen territorio horretan».

Plaza publikora ateratzeko modu zehatz horren atzean aurretiaz ezarritako diskurtsoak daudela ebatzi zuen Rodriguezek eta mekanismo horiek emakumezko idazleengan nola eragiten duten aztertu nahi izan du. «Emakumeak literaturan baztertu eta jazarriak izan direla aspaldidanik badakigu», esan zuen Donostiako Pandora tabernan egindako aurkezpenean. Adibide bezala jarri zituen literatur lanak senarraren izen-abizenen pean argitara eman behar izan dituzten emakumeak edota beren buruaz beste egitera iritsi direnak. «Orain mekanismoak ez dira horren zabarrak, sofistikatuagoak dira; esaten zaigu nolakoa izan behar duen kanonak, emakume gutxi gaude testuliburuetan, kritiketan, sariketetan eta, noski, historiografian», esan, eta gaineratu zuen egungo autore askok «autodefentsa jantziarekin» egin dutela jauzi plazara: «Armadurarekin sartu dira oraindik odoldua dagoen plazara, eta armadurak behartu bai baina mugatu ere egiten du», azpimarratu zuen, jantzi horrek geziak ekidin bai baina mugikortasuna oztopatzen duela eta gerlaria zaldien oinpean hiltzera eraman ohi duela nabarmenduz.

Hala, “Idazleen gorputzak” lana hiru zatitan banatu du. Lehenean marko teorikoa finkatu eta emakumezko idazle izatearen gaineko hausnarketa filosofikoak ematen ditu idazle errenteriarrak. Bigarren atala osatzeko zenbait belaunalditako bost emakumezko idazle elkarrizketatu ditu (Arantxa Urretabizkaia Bejarano, Laura Mintegi Lakarra, Miren Agur Meabe Plaza, Karmele Jaio Eiguren eta Uxue Alberdi Estibaritz), irudi orokor bat eman eta hamarkadaz hamarkada emakumezko idazlearen jarduna nola eraldatu den agertzeko. Hirugarren atala ondorioei dagokiena da.

Literatura androzentrikoa

«Literatura erabat androzentrikoa izan da eta emakume idazlearen gorputza ez da idazle gorputz neutrala, ez da gorputz unibertsala, eta horrek idazleari, testuari eta irakurleari nola eragiten dion ikusi nahi nuen», laburtu zuen. Hala, gorputza, jarrerak, jantziak edota testuak, elementu ezberdinak izan ditu aztergai Rodriguezek.

Ondorioen atalaren laburpena ere egin zuen. Aipatu zuen emakume idazleek «apal izateko deia» jaso ohi dutela, baita plazara ateratzeko gonbidatuak sentitu direla ere. «Norbaiten besotik joan direla sentitu izan dute», esan zuen. Literatur jarduerari eusteko «egoskorkeria» izan dute emakumezko idazleek, «baldintzak edozein zirela ere aurrera egiteko» grina, eta feminismoak ere izan du eraginik elkarrizketatutako bost emakumezkoetan: «Bakoitzari eragin dio modu batera edo bestera, baina denei argia eman die munduari, literaturari eta harremanei beste modu batean begiratzeko». Amatasunak ere –bost elkarrizketatuak dira ama– euren jardunean eragina izan duela baieztatu zuen Rodriguezek. «Banuen galdera bat, ez ote garen femme fataletik mom fatalera pasatzen ari. Arduratzen ninduen gaia zen. Literaturan zientzia-fikziozko amatasun eredu horrekin haustea beharrezkoa da». Hori esanda, azpimarratu zuen ama ez diren idazleek ere «esateko asko» duten arren bost elkarrizketatuek onartu dutela era batera edo bestela amatasunak eragina izan duela euren jardunean.

«Oso argi dut hau hurbilketa bat dela», adierazi zuen, sei emakume idazleren –bost elkarrizketatuak eta bera– sentipen eta pertzepzioak biltzen baititu lanak, baina oro har emakume idazleek literaturaren ingurukoak bizitzeko duten moduaren adierazle izan daitekeela uste du. «Guztien artean sortzen den kreatura honek [argitalpenari buruz] badu zer esana eta uste dut entzun egin behar zaiola. Niri behintzat apasionantea egin zait beraiei entzutea», ziurtatu zuen Rodriguezek.