Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

«Gipuzkoa orekatu» baten alde egingo du Izagirreren taldeak

Hiriburua ahaztu gabe, baina Gipuzkoa «Donostia baino gehiago» dela gogoraraziz, «lurralde-oreka» bermatuko duten politikak defendatuko ditu EH Bilduk maiatzeko bozketetarako aurkeztutako hautagaitzak, Juan Karlos Izagirre ahaldungai nagusiak atzo baietsi zuenez. «Pertsonak erdigunean» jarriko dituzten politiken alde egin zuen.

EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietako hautagaitza aurkeztu zuen atzo, Donostiako Gipuzkoa plazan. Talde «anitza, orekatua eta sendoa» osatu dutela ziurtatu zuten, «gipuzkoarren gehiengoak dituen premia eta aspirazioei erantzungo diena».

«Lurralde-orekaren alde egiten ez dutenak» kritikatu zituen Izagirrek, esanez «lau paretaren artean edo bulego helezinetan hartzen diren erabakiekin bukatu» behar dela. EH Bilduk lurralde osoan inbertitzeko asmoa duela iragarri zuen, «Gipuzkoako Foru Aldundiak banatutako baliabideen zati handi bat Donostian geratzen» baita. «Ez dugu esaten ez denik Donostian inbertitu behar; baina ezin da ukatu Gipuzkoa Donostia baino askoz gehiago dela», zehaztu zuen.

Gizarte zerbitzuei dagokienez, eta zaintza lanei arreta berezia eskainiz, ahaldungai nagusiak nabarmendu zuen ezin dela «pertsonen ongizatea bermatu» langileek ez badute «lan-baldintza duinik». Ordaindu gabeko zaintzari ere erreparatu zion: «Zaintza guztiz baztertu dugun gaia da, eta behingoz honi ere heldu behar diogu».

«Behetik gora»

«Pertsonak erdigunean» jarriko dituzten politikak bultzatu asmo ditu Batzar Nagusietan EH Bilduk, eta aberastasunaren birbanaketa du jomuga, «ekonomia pertsonen zerbitzura» jartzea. Ildo beretik, Izagirrek kezka agertu zuen azpiegitura handiak ugaritzen ari direlako, eta hauek «enplegu prekarioa» sortu eta komertzio txikiak desagerrarazten dituztelako.

Izagirrek nabarmendu zuen EH Bilduren proposamenek indar handiagoa dutela egungo testuinguru politikoan. «Eskubide nazionalak ukatzea, zerbitzu sozialak murriztea, lan eskubideak murriztea... gipuzkoarren beharren aurka egiten duten politikak dira», esan zuen.

Modu berean, «behetik gorako» politiketan sakontzeko nahia dutela iragarri zuen, «pertsona guztientzako zerbitzu eta bizi-baldintza duinak bermatuko dituztenak».

Lohitzune Txarola izango da Bidasoa-Oiartzungo zerrendaburua, Mikel Biain Deba-Urolakoa, Maitian Beitialarrangoitia Oriakoa eta Izagirre Donostialdekoa.