Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren inpaktuak

Eragina»-ren sinonimoa da «inpaktua». Baina testu honetan inpaktuari eman nahi diodan esanahia «talka», «kolpe» hitzen ingurutik doa, eta kolpe horren ondorioak hartu nahi ditu aintzat. Jaso ditugun musika-inpaktuak kolpe psikologikoak dira. Kolpeak, kasu honetan, ez du minik sortzen; inpaktuak eragin positiboaren bidea du. Kantu baten inpaktua handiagoa izango da inpaktuaren indarra zuzenean gure albokoari (lagunari, kuadrillari, familiari) adieraziko bagenio. Transmisioa deituko diogu. Jasotako inpaktuari erabilera ematen diogunean, inpaktuaren gaitasuna ideiak aldatzeko, eraldatzeko edo astintzeko efektu biderkatzailearekin doa.

Milaka disko eta liburu ditu Xubanek etxean kulturaren transmisioa jasotzeko. Semeak harrituta begiratu izan die txikitatik diskoz eta liburuz betetako apalategiei. Umetako galdera inozoak sarri argitsu bilakatzen dira (zertarako dira disko eta liburu hauek guztiak?). Banuen erantzuna neuretzat, baina nola adierazi hori xume eta labur semeari? Ezin nintzaion hasi transmisioa eta inpaktua zer diren azaltzen. «Entzuteko eta irakurtzeko» erantzungo nion.  Nerabezaroan konturatu da ez dela disko pilaketa. Xuban gelako pareta diskoekin betetzen hasi da. Talde berrietara zuzendu ditu belarriak. Zartako K, Rotten XIII, Brigade Loco, Kaleko Urdangak, Modus Operandi taldeen inpaktua jaso du bere kasa, eta etxean talde horien transmisioa eta inpaktua eman digu. Hasi da, era berean, apalategietako altxorrak arakatzen. Transmisioen konektagarritasunarekin loturik gaude inpaktuetan.