Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Zeharka eta zeharo

Kostatu zaio eskuetako morea erabat garbitzea. Egun luzez iraun dute bere hatzen artean margoaren zipriztinek, betiko ezabatuak izatea nahi ez duten uneen adierazpen kapritxosoen moduan. Koloredun arrastoek ez baitakite, eurak desagertuta ere, betiko geratuko zaizkiola buruan ostiral horretan bizi izandakoak.

Gaur, lepoko zapi morea kenduta, martxoaren 8an ibilitako kaleetan zehar doa berriz ere eta hor diraute hiribide nagusiko horma luzean egin zuen margoketaren arrastoek, garbitzen saiatu badira ere. «Akaso, ‘heteropatriarkatua’ ezabatzea bezain zaila da hitza bera ezabatzea», pentsatu du irribarre ironikoz. Gaur, zapi bakarra darama soinean, egunerokoa, martxoaren 8an zeraman bera, ilea estaltzen diona, bere identitatea zeharkatzen duena, morearen neurri berean. Gaur, bere herriko kaleak ibili ditu eta idatzi berri duten «Etorkin gehiegi» irakurri du berea ere baden hizkuntza perfektuan, eta ezjakintasuna ezabatzea minari muzin egitea bezain zaila dela pentsatu du keinu triste batekin.

Egun gutxi barru gure herrietako karrikak zeharkatzen hasiko den Korrikan ere parte hartuko du Samirak, feminismoak eta jatorriak bezala, euskarak zeharkatutako bizitza delako berea. Zapalduaren kontzientziatik eraiki baitu bere identitatea, hijab-ak, zapi moreak eta petoak jantzitako duintasunaren identitate zapaldua.