GARA
BILBO

Alerta meteorologikoak jasotzeko zerbitzu berria

Euskalmet meteorologiaren euskal agentziak “Abisuak nahieran” izeneko zerbitzu berria aurkeztu zuen atzo. Aurreratu zuenez, babes zibileko erreminta gisa erabiltzeko zerbitzu honek baldintza meteorologiko txarren aurreikuspenei buruzko datu zehatzak emango dizkio nahi duenari, dohainik, posta elektronikoaren bidez.

Orain arte, fenomeno meteorologiko txarren ondorioz Lakuako Segurtasun Sailak aktibatzen zituen oharrak prebentzio lanetan inplikatutako erakundeei bakarrik bidaltzen zitzaizkien, posta elektroniko edo SMS bidez. Sistema horrek bere horretan jarraituko du, baina “Abisuak nahieran” sistema berriak herritarrei ere ohar horiek jasotzeko aukera emango die. Horretarako, alta eman beharko du SOS Deien www.euskadi.eus/112 webgunean, eta aukeratu egin beharko du EAEko zer eremu geografikori buruzko informazioa nahi duen eta zer fenomeno interesatzen zaion.

Erabiltzaileek mezu elektronikoak jasoko dituzte abisuak aktibatzen diren bakoitzean: abisu horiak (ez dago arriskurik biztanleria orokorrarentzat, baina bai jarduera jakin batzuentzat), alerta laranjak (arrisku meteorologiko esanguratsua dago) eta alarma gorriak (arriskua handia da, ohikoak ez diren eta ezohiko intentsitatea duten fenomenoen inpaktuagatik).