GARA
iruñea

Nafarroako ikastolek eta LABek akordio «garrantzitsua» lortu dute

Nafarroako Ikastolen Federazioak eta LABek akordioa sinatu zuten asteazkenean, ikastolen lan hitzarmena sinatzeko lehendabiziko pausoa emanez. Hamar urte ituna berritu gabe eman ondotik, pozez hartu dute federazioan biltzen diren hamabost ikastolek.

LABek zehaztu zuenez, 700 langile ingururi eraginen die. «Akordio honi esker, martxoko nominan urtarriletik %2,25eko soldata igoera jasoko dute (Nafarroako Gobernuak ordaintzen duen zatian) eta dagozkien atzerapen guztiak ere bai». Nafarroako Ikastoletan %95eko ordezkaritza duen sindikatuak erantsi zuenez, ituna 2019rako da, baina 2020ra luza daiteke.

Hobekuntza ugari jasotzen duela nabarmendu zuen, PPren lan erreformari aurre egiteko neurriak, jazarpen moral eta sexualerako prebentzio protokoloa eta irakasle itundu eta ez-itunduen arteko baldintzen berdintasuna kasu. LABentzat balio handia du akordioak, «lan hitzarmen berria dakarrelako eta, batez ere, adostasunik gabeko urte gatazkatsu eta gogorrak atzean uztea».