GARA
DONOSTIA

Jose Ramon Etxebarria, «Jakin»-en ale berriko protagonista

Jose Ramon Etxebarria fisikari, irakasle eta euskaltzalea da “Jakin” aldizkariaren 230. aleko protagonista. “Historia bizia” sailerako elkarrizketatu du Miren Rubio kazetariak eta haren urratsei segika osatu du artikulua: hasi Gernika eta Eibarren bizitako haurtzarotik eta Ingeniaritza ikasketetatik, eta herri mugimenduetan eta politikan izandako parte-hartzeaz mintzatu da Etxebarria. Besteak beste, gogora ekarri ditu zentral nuklearren kontrako borrokak, Salbeko kuartelean Guardia Zibilaren eskuetan jasandako torturak, errege espainolari “Eusko Gudariak” abestu zionekoa edota Herri Batasunan egindako lan politikoa. Baita EHUko irakasleen borroka luzea ere. Urrats horiei begira jardun da Etxebarria: «Prozesu bat da, eta inportanteena segitzea eta egitea da. Ni horretan beti izan naiz baikor porrokatua. Konfiantza osoa dut datozenengan».

Zientzia eta filosofia

Jexux Larrañaga Arriola antropologoak neurozientzien inguruko artikulua osatu du. «‘Neuro’ aurrizkiaren inflazio kulturalaren garaia da egungoa», dio artikuluan Larrañagak, eta, bere hitzetan, zientziaren «egia biribil eta bakarraren» mozorropean aurkezten dira sarri neurozientziei lotutako ekarpen eta irakurketak, eta gizakiaren irudia eta testuingurua erabat murrizten dute, diskurtso zientifistaren pean.

Nobedade bat ere ekarriko du “Jakin”-en ale berriak: Alba Garmendia Filosofian doktoregaiak lekukoa hartu dio Ignazio Aiestarani “Egunen gurpilean” sailean. Alba Garmendia EHUko Filosofia Sailean ari da doktore tesia egiten eta bere ikerketa lerro nagusiak utopia ikerketa eta filosofia politikoa dira.