Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Yao Amevdezi arrantzalearen lan istripu hilgarria ikertu zuela esan du Osalanek

Yao Amevdezi Ghanako arrantzalea lan istripu baten ondorioz hil zen iazko urtarrilean (Atunsa SA enpresako langilea zen eta itsasontzian hil zen, Indiako Ozeanoan, istripua izan eta hiru egunera). Aste honetan salatu du LABek Osalanek ez zuela honi buruzko ikerketarik egin eta Amevdzi ez dela estatistika ofizialetan ere ageri.

GARAk adierazpen horiek jaso zituen ostiralean argitaratu zen artikuluan, eta Osalanek hau zuzendu nahi izan du. Beraien esanetan, Osalanek «ikertu egin zuen istripua eta ezbehar kopuruen estatistiketan dago».

Ikerketa abiatu zutela esan diote GARAri, baina ezin izan dute ezer zehaztu. Bestalde, egunkari honek kontsultatu dituen Osalanen estatistiken arabera, 2018ko urtarrilean ez zen istripu hilgarririk egon arrantza sektorean, eta datua ez da hurrengo hilabetean ere ageri. Osalaneko iturriek ezin izan zuten honen zergatia azaldu, nahiz eta istripuaren ikerketa egin zutela argi izan.

Joan den urtean bertan, abuztuan, Hondarribiko kaian langile bat hil zen arraina deskargatzeko lanetan zebilela eta honen ezbeharra ageri da Osalanen estatistika ofizialetan.