Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
donostia
Surf

Sydney Surf Pro 6.000 QS: Alessa Quizon eta Jordan Lawer garaile

Alessa Quizon hawaiiarrak eta Jordan Lawer australiarrak irabazi zuten Manly hondartzan atzo amaitu zen 6.000 puntuko lehiaketa. QS rankinga forma hartzen hasi da eta CT itzulia hurrengo astean hasiko da.

Australiako kostaldean giroa berotzen ari da. Joan den astean 6.000 puntuko txapelketa bat egin zuten New Castlen eta atzo puntu berak eskaintzen zituen QS mailako beste txapelketa bat amaitu zen Manlyn.

Lehen mailako lehiakideek ere parte hartu zuten Manlyn, nesken zein mutilen kategorian, baina horietako inork ez zuen txapela eskuratu. Agian, apirilaren 3an Gold Coasten hasiko den CT itzuliko lehen txapelketarako indarrak gordetzen ari dira lehiakideak. Edonola ere, munduko surflari onenak momentu honetan Australia ekialdean aurkitzen dira, eta lehiaketak puri-purian daude.

Alessa Quizon

Surflari hawaiiarrak olatu onenak hautatzeko odol hotza duela erakutsi zuen. Olatu txikiak izan ziren txapelketak iraun zuen bitartean eta finalean ere horrela izan zen; olatuek metro bateko altuera zuten. Halako baldintzetan olatu aukeraketak garrantzi handia du, olatu ertain eta on baten arteko aldea oso handia izan baitaiteke.

Alessa Quizonekin batera, nesken finalean itsasoratu zen beste lehiakidea Isabella Nichols australiarra izan zen. Nicholsek txapelketa irabazteko sekulako gogoa zuen, duela aste bat New Castlen egin zen lehiaketan bigarren postuan geratu baitzen. Alta, atzokoan ere bigarren postu batekin konformatu behar izan zuen, hawaiiarrak berak baino puntu gehiago eskuratu baitzituen.

Hala ere, finalean izan ziren bi lehiakideek eskuratu zituzten puntuen arteko aldea zinez txikia izan zen. Quizonek 12,77 puntu ( 8,17 + 4,60) bildu zituen eta Isabella Nicholsek, berriz, 12,66 puntu (5,83 + 6,83 ) eskuratu zituen. Azken honek olatu on asko egin zituen, baina aparteko olatu «oso on» bat behar zuen. Hawaiiarrak, ostera, olatu «oso on» bat egin zuen, 8,17 puntukoa, eta horri esker irabazi zuen.

Manlykoa nesken QS zirkuitua osatzen duten 44 txapelketetatik zortzigarrena izan zen. Ondorioz, pixkanaka ranking orokorra forma hartzen hasi da. Bigarren postuan geratu zen Isabella Nichols da nesken QS rankingeko burua gaur egun, eta bigarren postuan, ostera, atzo txapela eskuratu zuen Alessa Quizon aurkitzen da.

Jordan Lawler

Mutilen kategorian ere lehia estua izan zen. Lehen mailako lehiakideak baziren, baita Tom Carrol bezalako surflari mitikoak ere. Olatuen kalitatea, ordea, berbera zen, txikiak eta indar gutxikoak; ondorioz, lehiakideak ahalik eta arinen surf egiten saiatu ziren.

Halako baldintzetan brasildarrak izan ohi dira nagusi, txikiak, argalak eta arinak baitira, eta olatu txikietan surf egiten ohituak baitaude, baina Manlyn ez zen horrela izan, bertako batek eraman baitzuen txapela.

Edonola ere, brasildarrek aztarna utzi zuten. Jason Andre finalera iritsi zen, eta txapelketa irabazteko aukera asko zituen, aurreko txandetan oso ongi aritu baitzen. Airekoak egin zituen, bira indartsuak, baina ez zuen lortu kalitatezko olatu on bat hartzea.

Jordan Lawer gazteak, ostera, olatu aukeraketa hobea egin zuen eta puntu gehiago bildu ahal izan zituen. Finalean ziren bi lehiakideak ezker surflariak ziren, baina surf egiteko modu oso desberdina erakutsi zuten, eta hori ikusleek eskertu egiten dute, lehiaketa ikusgarriagoa bilakatzen baita.

Jordan Lawerrek, 6,5 eta 7,07 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin; hau da, guztira 13,57 puntu lortu zituen. Jason Andrek, ostera, 5,83 eta 5,60 puntuko bi olaturekin, guztira, 11,43 puntu bildu zituen. Txanda amaiera iragartzen zuen klaxona jo orduko, urertzean ziren Lawerren lagunak saltoka ospatzen hasi ziren eta txapelduna beren sorbalden gainean eraman zuten oholtzara.

Manlyko txapelketan lortutako emaitzei esker, Jason Andre QS rankingeko buru da egun, eta Lawer, berriz, laugarren postuan dago.

Honi buruzko guztia: Surf