Haritz LARRAÑAGA
Surf

Carlos Heberg: Montrealgo bodyboarderra

Kanadako hiria zeharkatzen duen Saint Lawrence ibaian «Habitat 67» izeneko urautsia jasotzen da. Hor ibairatzen da egunero Carlos Hebert bodyboarderra. Baldintza klimatiko gogorrei aurre eginez izotz xaflak saihesten ditu eta mundu txapelketa bat egin nahi du.

Kanadako Montreal hiria zeharkatzen duen ibaian sortzen diren olatuak ezagutarazi zituen gizona da Carlos Hebert. Pertsonaia xelebrea da, eguzkia, euria edo izotza egin, bera beti hor da, egunero ibairatzen da bere bodyboard taula eta GoPro kamerarekin. Hartzen dituen irudietan, ordea, ez zaie inoiz ikusleei zuzentzen, ez du hitz egiten, bere esperientzia erakusten du soilik eta horri esker egin da ezaguna.

Saint Lauwrence ibaiaren alde batean altxatzen diren olatu estatikoetan ibiltzen da gehienetan Hebert, Habitat 67 izenez bataiatu zuten urautsian. Kanadako erreka-olatu famatuena da Habitat 67, eta baldintza klimatikoak muturrekoak diren egunetan ere surflari ugari ikus daiteke bertan.

Zero azpitik 20 gradu egiten dituenean ere ibairatzen da Hebert, eta horretarako 14 milimetroko lodiera duen ur jantzia janzten du. Halakoetan, bidean agertzen zaizkion iceberg zatiak saihestu behar izaten ditu, baina batzuetan izotz plakak gainetik ere pasatzen ditu, bodyboard taula erraz labaintzen baita, eta behin oztopoa gainditu ostean, olatu gainean jarraitzen du, ur- lasterrek ekarriko dioten hurrengo izotz xaflaren zain.

Ibai honetan, eremu desberdinetan sortzen diren 10 urautsi daude, mota guztietakoak, eta urte osoan zehar izaten dira olatuak; beraz, jendea erregulartasunez aritzen da surf egiten.

Bodyboarder ospetsuaren iritziz, 5 eta 30 minutu artean egon daiteke surflaria olatu gainean. Horrela kontatzen du Hebertek esperientzia: «Iristea erraza da, bi minutu behar dira, arraun eginez gerturatu, eta prest zaudenean korronteak eraman zaitzan utzi, olatura iritsi arte. Behin, ur-lasterrari galga egiten dion sakonera gutxiko gunean sortzen den olatuan zaudenean, gora eta behera mugitzen zara, eta denbora luzez iraun dezakezu uhin gainean».

Habitat 67

Itsasoan ez bezala, errekako olatuetan ez dago itsasaldien edo itsaskien norabidea jakin beharrik, eta haizeak ere ez du modu berean eragiten; beraz, ibaian datorren ur masaren indarrak baino ez du eragiten olatuen altuera eta izaeran. Gainera, olatua beti leku berean dago, eta 24 orduz funtzionatzen du.

Moshe Safdie arkitekto famatuak 1967. urtean diseinatu zuen eraikin futurista batzuen aitzinean sortzen da urautsia. Horregatik deitzen diote Habitat 67. Ibaiko ur-lasterrei galga egiten dieten haitz batzuen gainean jasotzen dira olatu estatikoak eta Montrealgo surflari, bodyboarder zein kayak-zale ugari izaten da bertan.

Bertako surflarien esanetan, ur-lasterrak indartsuak direnean olatuak bi metroko altuera izan dezake. Horrelako egunetan, handik gertu dagoen eta apur bat lasaiagoa den “Gig Joe” urautsira joaten dira surflari batzuk.

2002. urtean hasi ziren Habitat 67 urautsian surf egiten Montrealgo hiritarrak eta egun 500 kidez osatutako komunitate bat ibiltzen da olatu estatikoan. Azken urteetan surfak indar handia hartu du Montrealen eta turista asko gerturatzen da ibaiko olatuez gozatzen duten kirolariak ikustera. Arrakasta horren ondorioz, baina, pilaketak izaten dira eta, ondorioz, baldintza egokiak direnean surflari bakoitzak 45 minutu itxaron behar izaten ditu bere txanda iritsi zain.

365 egun

Carlos Hebertek urte batean egunero ibairatzeko desafioa egin zion bere buruari, eta helburua lortu zuen. 2015eko irailaren 22tik 2016ko irailaren 22ra bitartean Hebert egunero sartu zen Saint Lawrence ibaiko ur hotzetan.

Errekor bat hautsi nahi zuen Montrealgo bodyboarderrak eta horretarako egunero topatzen zituen baldintza aldakorrei aurre egin behar izan zien. Neguko tenperatura baxuez gain, euriteen osteko emari indartsuei ere aurre egin behar izan zien, baina Hebertek helburua ongi finkatua zeukan, eta, gainera, bere aita eraman zuen azaleko minbiziaz ohartarazteko kanpaina baten baitan ere kokatu zuen bere balentria.

Hebert Pipelinen

“Mike Stewart Pipeline invitational” txapelketan parte hartzera gonbidatu zuten Hebert 2017. urtean. Hamar urte paseak ziren ozeano batean itsasoratu zen azken alditik, baina hala ere gogotsu zen bodyboarder kanadarra. Bere txanda hasi baino lehenago itsasoratu zen, fede txarrik gabe, «apur bat berotzeko», araudiak espresuki galarazten duela jakin gabe.

Ordura arte txapelketa guztiak internet bidez ikusten zituen. Egun hartan Hebertek ikasitakoak honela kontatzen ditu: «Batzuk haserretu egin ziren eta zertan ari nintzen galdetu zidaten. Nire txandarako prestatzen ari nintzela erantzun nien. Ikasgaia ikasi nuen, eta bide batez aholku bat eskatu nien eta zera esan didaten, lehen araua norbait datorren begiratzea dela».

Herbertek ez zuen txanda bat pasatzea lortu, baina bere esanetan, «burua ireki eta desafio berriei ekiteko gogoz» itzuli zen Kanadara. Handik itzuli zenean modalitate berri bat asmatu zuen, «izotzetako bodyboarda». Ibaian sortzen den uhin estatikoa hartu eta bidean agertzen diren izotz zatiak gainetik pasatzea da izotzeko bodyboarda.

«APB itzulian ba al da bodyboarder profesionalik modalitate hau probatzeko prest dagoena?» galdetzen du Hebertek, eta Mike Stewart gonbidatzen du buruz buruko lehia batera.

Kanadako bere olatu kutunean munduko txapelketa bat egiteko gonbita ere zabaltzen du Hebertek: «2020an tourreko atletaren bat Kanadan lehiatzeko prest badago, gustu handiz lehiatuko nintzateke».

Honi buruzko guztia: Surf