Andoni ARABAOLAZA
Elkarrizketa
TXEMA GARAY
CVCE-KO PRESIDENTE OHIA

«Elkartea altxorra denez, ume txiki bat bezala zaindu behar da»

Donostiako Club Vasco de Camping elkarteko lemazaina izan da azken zortzi urteotan. Eta Garayri aitortu behar zaio mendi elkarteari izaera berezia eman diola. Zuzendu duen taldeak ohikoak ez diren ekimen garrantzitsu zein arrakastatsuak indarrean jarri ditu. Eta zutabe horiez guztiez zein 4.000 bazkide dituen elkartean izan duen ibilbideaz GARArekin azterketa luze eta zabala egin du.

Zortzi urtez, 4.000 bazkide dituen CVCEren presidente izan zara. Urte horietan guztietan zure taldeak eginiko balorazioa egin baino lehen, galdetu nahi nizuke izaera horretako mendi elkarte baten ardura hartzeko unean bertigo izan ote zenuen. Batez ere, kontuan hartuta boluntario egiten dela lan.

Elkartearen bazkidea naiz txikitatik. 12 urterekin, lagun batzuekin, egoitzara mahai-tenisean jolastera joaten ginen. Eta hor hasi genuen gure bizitza elkartean. Presidente izateko ez zara egun batetik bestera prestatzen, ibilbide bat behar duzu egin. Duela hogei urte haur taldearekin hasi nintzen lanean. 2008an, berriz, ikusi zen elkartean aldaketa egiteko beharra zegoela. Lau urtez presidenteorde lanetan jardun nuen, eta hor ikusten dituzu barruko zokoak. Pixkaka elkartean ezaguna egiten zara. Beti ematen dizu bertigo hori, baina era berean honako hau oso argi neukan: elkarteak niri eskaini dit bizitzeko beste era bat. Nik sentitzen dut beharra dudala naturara, mendira joateko, eta horrek perspektiba ematen dizu. Elkarteak lagun pila ere eman dit. Konpromisoa nuen elkartearekin: zeozer eman behar nion, berak niri eman didan bezala. Eta nik eman diot nire lana.

Jakina, gauza bat da sekzio bat eramatea, eta bestea presidente izatea. Hori bai, kristoren ilusioa egiten zidan. Lagun batzuk, beraz, prest geunden aldaketa hori aurrera emateko. Dagoeneko urte mordoa pasa dira, eta gauzak beste modu batera ikusten dituzu. Niretzat erronka izan zen, eta argi daukat berriro egingo nukeela.

Benetan harrigarria da Euskal Herrian mendi elkarte batek 4.000 bazkide izatea. Denak zur eta lur uzten dituzue.

Bai, kantitateak beldurra ematen dizu. Nik, berriz, beste beldur bat nuen. Talde aldaketa zen, eta kontua zen bazkideek nola hartuko zuten. Izan ere, utzi zuen taldea oso indartsua zen. Talde horrek, adibidez, bazkideen kopurua igo zuen. Aldaketa horrengatik, beldurra nuen gaztelua ez ote zen eroriko. Eta justu kontrakoa gertatu zitzaigun: jendea prest zegoen aldaketa hori egiteko. Adibidez, sekzio batean baja bat bazegoen, segituan betetzen zen hutsune hori.

Guk aldaketa horretan hainbat behar ikusi genituen. Argi neukan ezin ginela zuritik beltzera egun batetik bestera pasa. Sustraia mantendu behar zen, aurreko taldeak utzitakoa alegia; baina bazeuden gabezia batzuk. Adibidez, sare sozialak. Bestalde, dirua bageneukan, eta horrekin uste dut ausartak behar ginela izan. Urteen poderioz, lotsa hori galtzen duzu. Gainera, argi neukan zortzi urte egingo nuela, eta ondoren haize freskoa sartu behar zela. Beste gabezia bat zen euskararena: idazkaritzan, sare sozialetan… Indarra behar duzu gauzak egiteko.

Bazkide horien guztien asmoak kudeatzea zaila izango da, ezta?

Jakin badakizu denen gustukoa ez zarela izango, eta hori argi genuen. Horregatik, nire asmoa zen elkartearen gustukoa izatea. Elkartea denok gara. Jakina, erabaki bat hartzerakoan denak kontuan hartu behar dituzu. Bestalde, sekzio batzuk beste batzuk baino handiagoak dira, eta horretan oreka mantendu behar duzu. Baina denek gehitzen dute, txikienek ere bai. Denek aberasten dute elkartea. 4.000 bazkideen artean eskalatzaileak, mendi lasterkariak, mendiko eskiatzaileak… daude, baina ez dira gehienak. Mendizale xumeak, berriz, gehiengoa dira. Horiek dira elkartearen euskarria.

Nahiz eta aurretik ere egin zen, argi nuen Euskal Herrian irteerak egin behar genituela gure lurraldea ondo baino hobeto ezagutzeko. Eta hor azaldu zen “Euskal Herria oinez” proiektua; oso harrera ona izan duen egitasmoa.

Gestioa aipatu dut, eta orain bai galdetu behar dizut zortzi urte horien balorazio orokorra.

Gu ez gara Reala, gu CVCE gara, eta ez dugu erabiltzen aurrekontu handirik. Hori ulertzeko beti adibide berdina jartzen dut. Kokotxa plater bat prestatzen duzunean, gainean behar duzu egon. Eta hori egin behar genuen elkartearekin. Zaindu behar duzu ume txiki bat bezala. Gu zortzi urtez gain-gainean egon gara. Ardura hau hartu nuen eta hor egon behar nintzen. Astelehenetik igandera; lana, familia… uztartuz. Eta badakizu horrek zer eragin duen.

Jakin badakit, bazkide askoren aldetik kudeaketa hori nota oso altuarekin gainditu duzula. Kanpotik ikusita ere, uste dut zure taldeak izaera berezia eman diola elkarteari. Eta hori guztia azalduko dut. Lehenik eta behin, elkarrizketa hau egiten ari garen egoitza dotorearen aldeko apustua egin zenuen. Egoitza aldaketa horrekin, zer bilatu nahi izan zenuten?

Gure elkartea gauza ireki bat bezala ikusi behar zen hiriko edonor sartu eta eskaintzen duguna jaso ahal izateko. Hots, geure helburua zen elkartea donostiar guztiontzat ikusgarri jartzea. Antolatzen dugun guztia donostiar guztiei zuzenduta dago; jakina, bazkideek lehentasuna dute. Eta genuen egoitzarekin ezin genuen hori egin. Elkartea altxor txiki bat da hiriarentzat. Atea jo nuen udaletxean, eta ondo atera zen: uste dut une egokian jo genuela ate hori. Eta egoitza hau iritsi zen. Gurea, berriz, beste elkarte bati eskaini genion; beraz, soilik geure buruarekin ez genuen pentsatu. Argi genuen: zuk emango didazu, baina guk ere emango dizugu. Eta udaletxeari gustatu zitzaion.

Egoitza berria bi ahoko ezpata izan zen. Obretan buru-belari jarri, batzarrak egin, tirabirak izan ziren… Gu berriak ginen, baina zorionez, azkenean, aurrera atera zen. Ausardia horrekin aurrera egin genuen. Egoitza berria primerakoa zen, baina, jakina, horri bizitza eman behar zitzaion. Mugimendua. Eta uste dut asmatu dugula. Makina bat gauza egin ditugu, eta horrek beste giro bat sortu zuen.

Bestalde, sona handia duen mendiko eskiko Altitoy lasterketaren kide zarete.

Presidenteorde nintzela Andoni Areizaga zena etorri zen, eta Carlos Hernando eta biok ardura hori hartu genuen. Lasterketa federazioarekin antolatzen zuen, baina esan zioten ezin zuela federazio modura antolatu, ardura hori mendi elkarte batek hartu behar zuela. Aukera erakargarria zen. Ez genuen inoiz lasterketa bat antolatu, baina aurrera egin eta argi geneukan beste perspektiba bat emango zigula. Nolabait esateko, egoitzatik atera ginen. Bederatzi edizio egin ditugu. Ez da erraza izan, baina, tira, oso positiboa izan da. Gure uste apalean euskal eskiatzaileentzat gu hor sartuta egotea oso garrantzitsua izan da.

Hirugarrenik, zalantzarik ez dut hartu dituzuen erabakien artean nazioarteko izaera duen CVCEPhoto argazki lehiaketak garrantzi berezia duela.

Altitoyrekin Frantziako Pirinioetara egin genuen salto; CVCEPhotorekin, berriz, mundu osora. Nahiz eta oraindik ikasten ari garen, gero eta hobeto egiten ari gara. Hots, hazten ari gara. Lehiaketa bat da eta hor teknika, kalitatea… neurtu behar dituzu. Eta horretarako prestatuta behar duzu egon. Aurretik, elkarteko lehiaketa antolatzen genuen soilik.

Hor ere ikusten da gure izaera, eta maitasunez aurrera eramaten ari gara. Bestalde, euskal mendizale argazkilarientzat ere egundoko pribilegioa da; eta hori azpimarratu behar da. Bilboko “Mendi”-rekin elkarrekin joatea ere plataforma ederra da.

Hori gutxi ez, eta hamaika sekzio dituzue: eskalada, mendi lasterketak, iraupen eskia, ornitologia… Esan daiteke, beraz, mendi elkarte osoa zaretela?

Hor lan bikaina egin dugu. Sekzio txikiak eta handiak daude, baina oreka oso egokia da. Guk laguntzen diegu gauzak antolatzen, baina sekzio bakoitzak bere arduraduna du. Eta hor ere kristoren laguntza ematen dute idazkaritzan lanean diren bi profesionalek, Iñakik eta Amaiak. Inplikazioa oso beharrezkoa da.

Bestalde, eta hau azpimarratu nahiko nuke, antolatzen ditugun mendi irteeretan segurtasun protokoloa jartzen dugu indarrean. Gai horretan urratsa egin dugu. Protokolo horrek ziurtasuna ematen du. Gu amateurrak gara, baina zalantzarik gabe galtzen ari den auzolan hori zaindu behar da.

Beraz, hori guztia entzun ondoren, iruditzen zait, Txema, CVCEren listoia oso goian utzi duzula. Talde berria lanean da dagoeneko. Ez al duzu uste zure taldeak motxila handia utzi diola?

Talde berria oso ondo konpentsatuta dago; batzuk berriak dira, eta beste batzuk ez. Elkartea ondo ezagutzen dute. Presidente berri den Rafa Elorza, adibidez, azken urteotan nire ondoan egon da.

Ez diegu zama edo motxila astuna utzi; uste dut erritmoa hartzen dutenean dena primeran egingo dutela.

CVCEn izan duzun esperientzia aprobetxatuta, mendi elkarteek gure kirol honetan egun duten eginbeharraz galdetu nahi nizuke. Urteen poderioz mendizaletasuna asko aldatu da. Nola ikusten duzu Euskal Herriko mendi elkarteen egoera?

Elkarteak aldatu dira, ez dira garai batekoak. Egun, adibidez, Internet hor dago. Mendira joateko informazioa edonon eskura daiteke. Nahi baduzu %100 autonomo izan zaitezke. Baina askok elkarren arteko harremana behar dute, eta hor daude mendi elkarteak.

Elkarteak beharrezkoak dira teknika eta ezagutza bultzatzeko. Guk, adibidez Uztarrotzen dugun Bortiri aterpetxearekin apustua egin genuen. Aterpea da, eta ondo pasatzera joaten gara lagunekin, senideekin….

Baina gure kasuan honako xedea bultzatu nahi izan dugu: “Mendia eta naturaren eskola”. Helburua da gazteak Bortirira eraman eta bitartekoak eskaini. Hots, arestian aipatu ditudan teknika eta ezagutza erakutsi. Ondoren, ezagutza horrekin ikusiko dute etorkizunean zer egin. Eta horretarako euskal Pirinioetan Bortiri daukagu. Aterpe bat baino gehiago da.

Egun, elkarteak ezin dira soilik biltzeko leku bat izan. Uste dut helburua dela harremana eta lagunak egin mendira joateko, eta ezagutza hori bultzatu. Gazteen artean hutsune bat bada, batez ere 20 eta 30 urte bitartekoak. Horiek jaso eta zaindu behar dira; guk, bederen, bide hori hartu dugu.