GARA
DONOSTIA

Neil Gaiman-en «Coraline» eleberria euskarara ekarri du Julen Gabiriak

Bere kabuz hasi zen Julen Gabiria Neil Gaimanen «Coraline» eleberria itzultzen, alabek filma ikusi ondoren bizi izan zuten lilurari erantzunez. Nobelako fantasia euskarara ekarri du orain.

Henry Selick-ek zuzendutako “Coraline” filma 2009an estreinatu zen zinemetan, zazpi urte lehenago Neil Gaimanek idatzitako eleberria oinarri zuen animaziozko lana. Julen Gabiriaren alaben begietara ere iritsi zen film hori, eta handik dator orain euskarara itzuli duen bertsioaren iturburua. «Neure kabuz hasi nintzen alabentzat itzultzen. Ikusi genuen filma eta ikaragarri gustatu zitzaien. Haurrek beldurrarekiko lilura handia dute eta erabaki nuen hainbeste gustatu zitzaienez filma eta irakurleak ere badirenez, haientzat euskaratzea», adierazi du. Hasi eta gutxira, ostera, etxean geratzekoa zen lana publiko orokorrari zabaltzea pentsatzen hasi zen. «Elkar argitaletxearekin harremanetan jarri nintzen eta baiezkoa eman zuten».

Coraline etxe berri batera bizitzera doa bere familiarekin. Etxeko txoko guztiak ikertuko ditu eta ate guztiak ireki: hamahiru zabaltzen dira, baina hamalaugarrenak adreiluzko pareta bat dauka atzean. Halako batean, ordea, ate hori ere gurutzatzea lortuko du eta berearen berdina den etxe bat topatuko du korridorearen beste aldean. «Deskubritzen du bere bizitza berbera, baina hobea. Hau da, berak bizi duen bizitza bera, guraso berberak, bizilagun berberak, baina dena hobea da. Lilura horrekin sartu egingo da, baina edertasun horrek badu arrisku bat, eta egiaz hain erakargarria ez den beste zerbait», zehaztu du itzultzaileak.

Itzulpena egiterakoan denboraz lasai ibili da, eperik gabe; beraz, ez da berehalako itzulpena izan. «Ingelesezko testua nahiko sinple idatzita dago, ez dauka ariketa estilistiko handirik, zuzenean kontatzen du kontatu beharrekoa eta kito». Idazkera horrek literatura anglosaxoian funtzionatzen duelakoan dago Gabiria, edo funtzionatu izan duela liburu horrekin. «Baina inpresioa izan nuen jatorrizkoan ‘erraz’ idatzita zegoen hori, itzultzean, ‘errazkeriaz’ idatzita zegoela zirudiela. Elkarrizketetako akotazio errepikakorrak, egitura sinpleko esaldiak... Euskaraz ez zitzaidan onargarria iruditzen testu hori modu literalean itzultzea, eta kolorea edo berniza eman diot». Hau da, akotazio horiek beste modu batean itzuli ditu, edo esaldi sinple horiek juntagailuren batekin elkartu ditu... «Gero konturatu naiz gaztelaniazko bertsioan ere antzera jokatu dutela, eta normala iruditzen zait, kontuan hartuta liburu hau ez dela ume txikiei zuzendua, eta protagonista hamar urte inguruko neska dela», nabarmendu du.

Gabiriaren aburuz, zaila da liburua haurrei edo gazteei zuzendutako nobela den zehaztea, «haur eta gazte literaturaren mugan dagoen zerbait da», eta ustea du «literatura hori ez ote den ja geratzen ari haur literatura baino eklipsatuago, eta itzulpena izanda, gehiago. Hor dago, eremu lauso batean».

«Segun ze adinetako irakurleek liburu hau modu batean edo bestean ulertuko dute. Orain arte jende helduarekin hitz egin dut eta denek irakurri dute liburua gazteleraz, baita pelikula ikusi ere. Uste nuen nire alaben kontua zela, baina orain konturatu naiz zenbat zale dituen liburu honek», azaldu du itzultzaileak.