Maitane ALDANONDO
Santurtzi

Txikitasunetik batu eta elkarrekin hazi

Total Food erreserba-zentral berritzaileak, ostatuaz gain, jatetxeetan menuak kontratatzeko aukera ere ematen du, etxetik bertatik. Yon Berdote bizkaitarrak sortutako plataformak 600 bat enpresa txiki zein ertainekin dihardu, eta xede du hedatzen jarraitzea.

Turismo eredua aldatzen ari da, eta joera berrien artean, gero eta gehiago dira euren bidaiak etxetik antolatzen dituztenak. Zeregina erraztu nahian, Total Food sortu zuen Yon Berdote santurtziarrak. Erreserbak egiteko zentral honek, ostatuaz gain, handik kanpoko jatetxeetan ere menua hartzeko aukera ematen du. Hala, bidaia osoa aurrez prestatu eta ordain dezake erabiltzaileak, bitartekariak ezabatuta; eta aldi berean, plataformak tokian tokiko turismo enpresa txiki eta ertainak sustatzen ditu, ezagutarazita.

Bizipen batetik ateratako ondorioa da proiektu honen jatorria. 2015. urtea hasteko Puerto Ricon oporraldia egin zuen Berdotek, baita otorduetan nahi baino gehiago gastatu ere. Bueltan, aurrekontuari eusteko bideren bat bilatzea bururatu zitzaion, beti ere non jan aukeratzeko askatasuna galdu gabe. Bilbao Ekintzak lagunduta, negozio plana garatzen hasi zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzei esker programazioarekin aurrera egin zuen. 2016an eratu zuen enpresa; BIC Ezkerraldean du egoitza. Ondoko hilabeteetan zerbitzua garatzen jardun zuen, orain urtebete abian jarri zuen arte.

Gazteak ez zuen turismoarekin loturarik, baina bazuen ekintzailetza grina. Mondragon Unibertsitatean enpresa-ikasketak egin zituen eta ekintzailetzaren alde diharduten hainbat departamentutan aritu zen. «Beti buruan izan ditut ideiak. Momentu batean pentsatu behar duzu ideia bat polita bada eta ikusten baduzu hori gauzatzea gizartearentzako interesgarria izan daitekeela, zergatik ez egin?», laburbildu du.

Ekonomia kolaboratzailearen filosofiarekin bat eginez, tokian tokiko negozioekin lan egitea erabaki zuen, hauei laguntzeko garatutako teknologiaren bidez. Beraz, ez dituzte multinazionalak edo kateak sartzen beraien eskaintzan. Urteotan askotariko jatetxe eta hotelekin akordioak lortu ditu, banan-banan batuta. Bizkaian lehenik, eta Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan, jarraian. Estatuko zenbait hiriburutara ere zabaldu dira eta iparralde osoan daude egun, Errioxa eta Zaragoza barne; baita Madrilen eta Bartzelonan ere. Guztira, 600 bat kolaboratzaile dituzte, eta egunero hiruzpalau berri gehitzen dira. Berdoteren ustez, «horrek erakusten du bertako enpresariek eta negozio lokalek ontzat jotzen dutela gure zerbitzua».

«Munduko jatetxe handiena»

Total Foodek aukera ematen du logela bakarrik edo mantenu erdiarekin nahiz osoarekin hartzeko. Hotelak otordu zerbitzua eskaini arren, horiek modu geolokalizatuan agertzen diren jatetxe sareko establezimenduetan egin ditzake erabiltzaileak. «Beti esaten dut gurekin dauden establezimenduek munduko jatetxe handiena daukatela, denen artean bat egiten baitute», zehaztu du Berdotek. Bere hitzetan, zerbitzuak bezeroarentzat hainbat abantaila ditu: gustuen arabera zer jan erabaki dezake, ez ditu otorduak toki berean egin behar eta ordutegi zabala du. Eskaintza bereziak dituztenez, beren kabuz doazenentzat baino merkeagoak dira menuak. Halaber, aurrez erreserba egin dezake edo unean bertan apparen bidez jakin zein den hurbilen zabalik dagoen jatetxea. Horrez gain, nahi diren ezaugarrien edo edukien araberako bilaketak ere egin daitezke, Bilbon txuleta duen menua edo zaldiak dituen ostatua aurkitzeko, esaterako.

Bestalde, otordua bakarrik erreserbatu nahi dutenentzat Foodmenuak dituzte. Hau da, 10 eta 45 euro arteko menu itxien eskaintza, jatetxe batean edo herri batean erabiltzeko. Data zehatz baterako edo sei hilabeteko epean erabiltzeko kode bat da. Opari baterako edo irteera bat egiteko asmoa dutenentzat, data zehatza jakin gabe».

Erreserbak Totalfood.es edo sakelakoetarako aplikazioaren bidez egin daitezke, eta denborarik ez dutenentzat, telefonoz egiteko aukera ere ematen dute, aurrekontua prestatuz inolako konpromisorik gabe. Zerbitzua doakoa da bezeroarentzat. Monetizazioa ostalaritza enpresengandik jasotzen duten komisiotik dator, «merkatuan daudenak baino txikiagoak». Win-win politika darabiltela zehaztu du Berdotek; hau da, bi aldeentzat onuragarria da. «Denontzako errentagarria da. Jatetxeak eta hotelak ditugunez, aukera dugu gutxiago kobratzeko; horrek asko laguntzen die enpresariei».

Hamar lagun dabiltza beharrean enpresan eta datorren urterako beste lau gehitzeko asmoa dute. Poliki doaz, baina hazten ari direla ikusten hasi dira. Arduradunak aitortu duenez, «errealizazio moduan pozgarria da, ordu asko sartu arren, gauzak irteten direlako. Gustatzen zait beste enpresa bati laguntzen diodala ikustea. Ostalaritzako enpresariak ere pozten dira poliki-poliki bezeroak joaten zaizkiela ikusita. Gu pozten gaitu eta gurekin daudenak ere». Epe laburrean, zerbitzua bidaia agentzientzat prestatu eta Estatuko hiriburu guztietara heldu nahi dute.