Ainhoa TIRAPU
Athleticeko jokalaria

Euskararen alde

Korrikaren inguruan nire lehen oroitzapenak ikastolako garaikoak dira. Korrika txiki bat antolatzen genuen eta gela bakoitzak aukera zeukan lekukoa eramateko; a ze komeriak nork eramango zuen erabakitzeko! Arratsaldean Iruñera joaten ginen ikastolaren kilometroan parte hartzera. Urteak pasatu dira Bilbora etorri nintzenetik. Hemen ahal izan dudan guztietan parte hartu dut, batzuetan korrika eta beste batzuetan lekukoa eramanez. Azken hauekin emozio handia sentitu dut, beti memorian gordetzen ditudan momentuak dira.

Korrika datorren bakoitzean zirrara berezi bat nabaritzen da ingurunean; pertsonak batzen dituen zerbait da, denak elkarrekin euskararen alde mugitzen gara egunotan. Pasa den igandean familiari bisita egin nion eta Korrika izan genuen mintzagai. Sare sozialetara igotako bideoak ikusten nenbilen eta bat-batean gurasoak topatu nituen korrika; Alesbes inguruan egon ziren beren elkartearekin parte hartzen. Momentu polita bizi izan genuen etxean bizipenak gogoratuz. Haiek kontatu zidaten lehenengo Korrikan, Larragan egin zituztela kilometroak. Amak, emozio handiz, lekukoa ere hartu zuen.

Egunak pasatzen joan dira eta Korrika aurrera doa. Atzo Lezamatik pasa zenean eskolako txikiekin txundituta geratu ginen. Gizarte osoak parte hartzen du, bizitzen du, maitatzen du Korrika eta hitz hauek idazten ditudan bitartean nire parte-hartzerako atzera-kontuarekin jarraitzen dut, berriz ‘hemen gaude euskararen alde’ oihukatzeko prest.