Maider IANTZI
MANIFESTAZIORAKO DEIALDI BATERATUA

Pentsiodunak, feministak, gazteak, kate baten hiru begi

Pentsiodun, gazte eta feministak, Euskal Herrian indar handiena hartzen ari diren mugimenduak, helburu berberen alde ari dira borrokan, jendarte justu eta askeagoa lortzeko. Elkarlanean ari dira Donostian eta batera aterako dira biharko manifestazioan zein astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeetan.

EHUren Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea biltoki izan da. Gazteek pentsiodunak eta feministak gonbidatu dituzte unibertsitatera. Hiru kolektibook badakite bakoitzaren egoera ez dela zerbait isolatua, badagoela «injustizia eta zapalkuntza guztiak lotzen dituen hari bat». Horrek bultzatu ditu saretzera.

Prentsaurrekoa eman dute, eta bihar bizitza duinaren alde Hego Euskal Herriko hiriburuetan eginen diren manifestazioetara deitu dute (Donostian, 17.00etan Bulebarrean). Agerraldiaren ondotik, hiru lagun bildu ditugu elkarrizketan: Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzarreko Karlos Etxeberria, Ernaiko Eider Arizkorreta eta Bilgune Feministako Maider Iturbe.

Pentsiodunak adierazi duenez, aspalditik aipatzen zuten euren artean mugimendu honek belaunaldiartekoa izan behar zuela baina gazteak ez zirela etortzen. «Bazirudien etorri egin behar zutela, baina jendearekin hitz egin behar da, beraien borrokekin bat egin eta saretu».

Ideia horrekin, ikasle zein gazte mugimenduarekin eta Donostiako Asanblada Feministarekin harremanetan jarri eta bi asteotan batera ibili dira. Hala jarraitzeko asmoa dute.

Aitzinetik ere pentsiodunen manifestazioekin bat egin izan dute feministek nahiz gazteek. Martxoaren 8ko grebaren ardatzetako bat pentsiodunak izan ziren. «Horiek mugimendu zabala daukate eta badute Oneka emakumeen antolamendua. Denon borroka denez, harreman horiek zaintzen eta batera aritzen saiatzen gara», adierazi du Iturbek.

Gazteak ere ohartzen dira guztien etorkizuna dagoela jokoan. Ernaiko kideak argi du: «Ez da pentsiodunen lana bakarrik; guztion eginbeharra da».

Erretiratuek hartu eta eman egin behar dutela gaineratu du Etxeberriak. Batzarrean denetariko iritziak daude, baina saretzen jarraitzea ikusten du egokiena, sistema berak, pentsioak eskuratzeko zailtasunak eta baldintzak gero eta okerrago jartzen dituenak, prekaritatea sortu eta mantentzen baitu. «Hortaz, fronte asko ireki eta horrekin aldaketa guztiak egitea da xedea. Iraultza feminista da abangoardia eta hori gabe ez dago aldaketarik».

Aberastasuna

Eider Arizkorretak 20 urte ditu eta berarentzat pentsiodunekin egotea aitona-amonekin egotea bezalakoa da. «Egoera prekario horretan ikusten ditut eta gazteok bizi dugunarekin lotzen dut. Belaunaldiarteko mugimendu bat da, denok batzen gaitu eta aurrera egin behar dugu».

Halako ekimenetan edo mugimendu feministaren baitan batzarrak egiten dituztenean belaunaldi ezberdinetako lagunak biltzen dira eta hori «oso-oso aberatsa da» da, Maider Iturberen hitzetan, bakoitzak bere aldea ekartzen duelako: batek esperientzia, besteak indarra... «Interesgarria da eztabaida asko sortzen delako ere. Mundu ikuskerak aldatu egiten dira, nahiz eta ez duen zertan adinagatik bakarrik izan. Asko ikasten dugu batzuek besteengandik».

Gainera, pentsiodunak hasi ziren feminismoa pizten. «Orduan, nola ez dute bat egingo bi mugimenduek, feministak baldin badira pentsiodunen lehen lerroan daudenak...».

Karlos Etxeberriak azpimarratu du soldata duinik gabe ez dagoela erretiro duinik. «Esaten digute 1.080 euro eskatzen ditugula eta langile asko gutxiago irabazten ari dela. Gu hori aldatzearen alde gaude. Ez gara insolidarioak; alderantziz». Denak gonbidatzen ditu mugitzera. 15 hilabete daramate jada kalean eta, bertze sektoreekin, pauso gehiago eman nahi dituzte.