GARA
PORTUGALETE

Portugalete eta Pasaiako lan heriotzak gaitzetsi dituzte

Joan den igandean Remolcadores Ibaizabal enpresako makinista burua hil zen 48 orduko lan txandan. Asteazkenean, garraiolari bat zendu zen Pasaiako portuko istripuan. Gehiengo sindikala kalera atera da.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru Portugaleteko azken lan istripu hilgarria salatzeko elkarretaratzean bildu ziren atzo. Iragan igandean gertatu zen ezbeharra Remolcadores Ibaizabal enpresan. Bertako makinista burua hil zen, 48 orduko lan txanda egiten ari zela.

Sindikatuek oroitarazi zuten lan txandak aldatu dituela enpresak: 24 orduko guardia eta 72 orduko atsedenetik bi egun jarraian (48 ordu) lan egitera eta lau egun deskantsatzera pasatu dira. «Lanaren antolaketa hau jasanezina da edozeinentzat, eta ondorio larriak ditu langileen osasunean, ezbehar honetan ikusi dugun bezala».

Asteazkenean beste heriotza bat gertatu zen lan istripuz: garraiolari bat hil zen Pasaiako portuan. Gehiengo sindikala asteartean aterako da kalera eragilea prekaritatea dela salatzera.