GARA
IRUÑEA

70 artista euskaldunen lanak «Artea Oinez» erakusketan

Nafarroa Oinez festari lotutako erakusketaren edizio honetan Javier Sueskuni egingo diote omenaldia, bere lan artistikoagatik eta ikastolekin izandako eskuzabaltasunagatik.

2019ko “Artea Oinez” erakusketa Kondestablearen jauregian dago ikusgai maiatzaren 12ra arte. Nafarroa Oinez ekitaldiari lotutako ekimen honetan 70 euskal artistaren lanak bildu dituzte.

Aurtengo proposamena Tuterako Argia Ikastolatik datorkigu, hari baitagokio aurten ekitaldia antolatzea. Iruñean ikusgai egon ostean, erakusketak Tuterako Almirantearen etxerako bidea egingo du.

Ikastolen proposamenak abangoardiako kulturaren eta artearen aldeko apustua egiten du, errealitateari buruzko gogoeta egiten duten artisten lankidetzaren bidez. 15 eskultura, 2 eskultura-pintura, 7 argazki, 22 margolan, 2 marrazki, 8 grabatu hainbat teknikatan, 3 inpresio digital, teknika mistoetan egindako 9 lan, bideo bat eta instalazio bat bildu dira.

Hego Euskal Herriko 70 sortzaileren artelanak daude ikusgai, batzuk Arco azokatik pasatu izan direnak. Horietatik sei Tuterako merindadekoak dira. Horrez gain, “Artea Oinez” ekimenaren edizio honetan ikusgai izango dira maiatzean Veneziako Bienalean parte hartuko duten bi artistaren lanak: Itziar Okariz eta Sergio Prego.

Omenaldi gisa, Tuterako Argia Ikastolak Javier Sueskun hautatu du 2019ko “Artea Oinez”-erako, «bere lan artistikoaren mailagatik eta ikastolekiko erakutsi duen eskuzabaltasunagatik». Sueskun aldi berean zeregin akademikoetan eta margolari lanetan aritu izan da bere ibilbide oparoan. 23 alditan egin ditu bakarkako erakusketak, 1978. urtetik 2009ra. Hainbat ikastaro eman ditu historia, artea eta plastika ardatz, baita ere hitzaldi zikloak Nafarroako hainbat udalerritan.

Sueskunek ikerketa pedagogiko eta historikoko zenbait lan egin ditu Nafarroako margolari garaikideen inguruan, bai Tuterako merindadeko manierismoaren eta barrokoaren inguruan ere. Bere lana abstrakzio lurraldeetan kokatzen da, figurazio hizkuntza gutxietsi gabe. Popetik informalismora, orban finetik marrazki kartsura, sentikortasun handia erakusten du beti.

Bere lanetan azpimarratzen dira ura-argia, lehorreko lurra, figura... Marrazteko duen erraztasunarengatik igartzen da teknika menperatzen duela.