2019/04/14

Erreportajea
 
BIDEBERRI: ESKAINI BAINO, BEZEROA EZAGUTU ETA BERARENGANA ZUZENDU

Bideberri proiektuan beharrak aztertzen ari da zenbait enpresa, tartean Lazpiur eta La Salve. Sarri merkatuan dute premia. Demagun makinak saltzen dituela batek; bezeroak alokatzeko eta zerbitzu osoa emateko eskatzen badio aldatu egin beharko du.

Maider IANTZI
Bideberri

Bideberri proiektu pilotua lantzen ari da Innobasque bazkide dituen zortzi enpresa txiki eta ertainekin. Xedea berrikuntzan sakontzea eta enpresa berritzaile gehiago sortzea da. Hainbat sektoretako enpresak dira: AB Laboratorios, Abantail, Apel, Bombaiworks, Nuuk, RKL Integral, La Salve eta Lazpiur.

«Zein zerbitzu eskaintzen ahal dituzten aztertzea garrantzitsua zela ikusi genuen, bide horretatik beren balioa handitzen baita –hasi zaigu Leire Bilbao Innobasqueko zuzendaria azaltzen–. Proiektu pilotua landu genuen negozio eredu berrien arloko aditu eta ikertzaileekin. Metodo hori egina dugu jada eta formakuntza ematen diegu enpresa txiki eta ertainei. Nola dauden ikusten dugu, eta zein interes eta behar dituzten. Askotan, merkatuan daukate beharra, euren produktua aldatzeko eta beste eredu batean sartzeko. Horri erantzuteko, digitalizazioak ematen dituen aukerak baliatzen ditugu».

Metodologia azaltzen diete tailerren bitartez, galderekin, denak bilduz… Hori interesgarria da, euren artean ere ikasten ari direlako. Proiektua maiatz eta ekain artean amaitzea espero dute eta orduan erranen dute enpresek emaitza onak eman dituen ala ez. «Formazioa ondo eman nahi diegu, sarri adituak joaten direlako enpresara bertakoek metodologia ezagutu gabe eta inportantea da eurek estrategietan txertatzea».

Demagun makinak saltzen dituela enpresa batek eta bikaina dela makinak egiten. Bezeroak makinak alokatzeko eta zerbitzu osoa emateko eskatzen badio, aldatu egin beharko du. Bilbaok agertu duen bezala, maiz enpresak ez ditu bezeroak edo erabiltzaileak ezagutzen eta garrantzitsua da jakitea zer behar duen bakoitzak, horren arabera zein zerbitzu eman eta nolako eredua martxan jarri erabakitzeko. Bide horretatik, emaitzak onak badira, administrazioei prozesua azaldu eta programa bat diseinatzen laguntzeko asmoa dute. Emaitzak onak badira, «enpresak ongi joango dira eta kalitatezko enplegua sortuko dugu», azpimarratu du.

Lazpiur Bergarako familia enpresa bat da, 1914an sortu zen eta laugarren belaunaldiak darama. 110 langile ditu. «Urteak daramatzagu 25 herrialde baino gehiagotan lanean. Enpresa bat ireki dugu Txinan eta esportazio maila oso altua dugu. Berrikuntzari ere garrantzi handia ematen diogu. Bi arlo ditugu: makinen eraikuntza eta mekanizazioa. Orain arte oso zuzenduak geunden forjara, eta dibertsifikatu eta aeronautikara zabaldu nahi dugu», agertu du Ainhoa Ondarra forjako erreminten salmenta arduradunak.

Bideberrirekin merkatu berri hori aztertzen ari dira: zein zailtasun dauden, noraino irits daitezkeen, zeintzuk izan daitezkeen bezeroak, zer konpetentzia egon daitekeen... «Prozesuaren erdialdetik bukaerarantz goaz. Izan ditzakegun bezeroak definitu ditugu eta bete beharreko irizpideak lantzen ere bagabiltza. Lehenbiziko elkarrizketak egin ditugu bezero potentzialekin eta merkatuan sartzen hasi gara».

«Oso-oso balorazio positiboa» egiten du Ondarrak. «Bideberrik egunerokotasuna alde batera utzi eta merkatu berri horri denbora eskaintzera behartu gaitu. Azterketa sakon bat egiteak aukera ematen du merkatura balio erantsiko produktu batekin sartzeko. Bezeroaren beharren araberako produktua. Hori ikasi dugu: kontua ez da zer eskaintzen dugun; bezeroek zer behar duten galdetu behar dugu lehenengo eta gure produktu eta zerbitzuak horretara zuzendu». Lana fruituak ematen hasi da. Ez oraindik eskaeretan, baina bai bezero potentzialekin izaten ari diren harremanetan.

«Munstroekin» lehiatu ahal izateko

Eduardo Saiz Lekue La Salve garagardoen zuzendaria ere itxaropentsu dago Bideberrirekin. «Gure sektoreari lotutako negozio berrietarako aukerak aztertzen hasi gara. Oso sektore lehiakorrean gabiltza eta ekimen honek abantailak bilatzen laguntzen digu etorkizunera begira merkatuan aurrera egiteko, behar den konfiantza dosiarekin», adierazi du.

Estatu espainiarrean lanean segitzen duten bigarren garagardogile zaharrenak dira. 1886ko marka da La Salve, baina orain lau urte eta erdi berreskuratu zuten proiektua. «Halako marka historiko batek, berezitasunez gain, berrikuntza behar du munstroekin lehiatu ahal izateko. Gakoa da hori, batez ere tamainen arteko aldea gero eta handiagoa den merkatu batean. Hortaz, bete-betean sartu ginen Bideberrin eta pozarren gaude».

2018ko maiatzean ireki zuten fabrika Bilbon beren garagardoa ekoizteko. Lau langile ari dira bertan eta, egituran, bertze lau. Zeharka 35 lagunek baino gehiagok egiten dute lan egunero La Salverekin.