Nerea Zubia Blazquez
Oñatiko kultur zinegotzia

Lekuan eta unean

Nire lagunek ondotxo dakite beti korrika nabilela, korrika eta presaka, eta, hala ere, beti berandu iristen naizela. Batzuek diote utzikeria dela, beste batzuek plangintza falta, lagun-minenek, berriz, motxila kargatuegia dudala. Eta egia esaten badizuet, nik neuk ere ez dakit zergatik gertatzen zaidan, saiatu saiatzen naizelako hori horrela izan ez dadin.

Dakidan gauza bakarra da Korrika bi urtero puntual iristen dela. Magiaz betetako ekimena da Korrika, edozein ordutan, edozein herritan jende multzo andana lekukoaren atzetik, arnasestuka baina oihuka, izerdi patsetan baina fresko. Magikoa dela esan dut, baina agian ez da magia kontua, bizirauteko gogoa baizik. Gogo kolektiboa, bakarka ibili beharrean, gaur egun nagusitu den ni eta ni eta ni aritu beharrean, GU bagarela aldarrikatzeko modua, GU garela erauntsiari aurre egin diezaiokegunak, GU denon artean bultza dezakegula herri txiki hau, txikia baina herri izaten jarrai dezan. Eta horregatik korrikalari baino gehiago Korrikazale naiz. GU hori maite dudalako, zu, ni eta haiek eman eta hartu egin dezakegulako, zer egiten dugun garrantzitsua bada ere, nola egiten dugun ere hori bezain besteko garrantzitsua delako.

Oñatira Udanatik behera etorri da Korrika, Gasteiza iritsi bezperan, eguerdiko hamabiak eta laurdenetan. Aitzakiarik ez dut, Korrikak zain topatu nau. Korrikak ez baitu itxaroten, Korrikak batu eta bildu egiten gaitu urratsak emateko prest gauden oro. Hor izan naiz. Korrikan izan behar dugulako.