Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Big Waves Awards 2019: Natxo Gonzalez izendatua

«Big Waves Awards» izendapenak osatzen dituzten zortzi kategorietako finalisten izenak argitaratu ditu WSL erakundeak. Hautatuen artean Natxo Gonzalez plentziarra aurkitzen da. Maiatzaren 2an emango dituzte aditzera irabazleen izenak Kalifornian.

Iazko azaroan Nazaren izan zen olatu handietako munduko txapelketan (BWWT) egin zuen itzelezko tubo bati esker lortu du Natxo Gonzalezek «urteko surflaria» izeneko kategoriako finalean hautatua izatea. Bost finalisten artean egoteagatik bakarrik, jada diru sari bat ziurtatua du plentziarrak, baina lortzen duen postuaren araberakoa izango da diru kopurua, eta hori oraindik zehazteke dago.

Ohiko moduan, lehenik kategoria bakoitzean hautatu dituzten finalisten izenak argitaratu ditu WSL erakundeak. «Errendimendu orokorra» saritzeko kategorian, ordea, oraindik ez dute izenik eman, haien esanetan, «maila nagusia izaki, erabakiak hartzeko zailtasun gehien eskaintzen dituen kategoria» ere badelako. Edonola ere, Kaliforniako Redondo Beach hirian maiatzaren 2an egingo duten luxuzko festan iragarriko dituzte irabazle guztien izenak.

Finalerako izendatuak

Esan bezala, urteko «errendimendu orokorra» saritzen duen nesken zein mutilen kategoriako finalisten izenak iragarri ez badituzte ere, beste sei kategorietan hautatu dituzten surflarien izenak jada ofizialak dira.

Natxo Gonzalezekin batera, mutilen «urteko surflaria» kategorian izendatuak izan diren beste lau lehiakideak honakoak dira: Grant Baker hegoafrikarra, Hawaiiko Pe’ahi (Maui) urautsian hartu zuen olatu bategatik. Billy Kemper eta Kai Lenny hawaiiarrak, hauek ere, Pe’ahin hartutako olatuei esker. Eta azkenik, Ramon Navarro Txileko surflari mitikoa, iazko maiatzean Fijiko Cloudbreak urautsian hartutako olatu bategatik.

Aipatu kategorian izendatuak izan diren surflari gehienek arraun eginaz hartu zuten finalera eraman dituen olatua, hau da, ez zuten uretako motoen laguntzarik izan. Kategoria hau diru sari handienetakoak eskaintzen dituen kategoria da. Irabazleak, 75.000 dolar amerikar eskuratuko ditu, eta irudiak hartu dituen erreportariak berriz, 6.000 dolar jasoko ditu.

Mutilen «XXL olatu handiena» kategorian, ostera, uretako motoen laguntza izan duten surflariak daude, arraun egiten hartu ezin diren olatu erraldoiak hartzen dituzten surflariak. Hona aurtengo bost finalisten izenak: Carlos Burle brasildarra, Tom Butler britainiarra, Kai Lenny hawaiiarra, Sebastian Steudtner alemaniarra eta Anthony Tashnick estatubatuarra. Lehenengo laurek Nazare eta Pe’ahiko urautsietan hartu zituzten izendapenerako bidea eman dieten olatuak, eta Tascnickek, ostera, Mavericksen hartutako olatu bati esker lortu du aurtengo izendatuen artean egotea.

XXL kategorian bezala irabazleak 25.000 dolar eskuratzen dituen «Arraun eginaz hartutako olatu handiena» kategorian, finalerako izendatuak izan diren bost irudietatik bi surflari berak eskuratu ditu. Hau da, Grant Baker hegoafrikarrak, bi olatu desberdinetan lortutako irudiekin finalerako bi izendapen lortu ditu. Bata, Pe’ahin (Hawaii) hartutako olatua da, eta bestea, Mavericksen (AEB) hartutakoa.

Pedro Calado brasildarrak Nazaren hartutako olatu batekin lortu du izendatua izatea. Nathan Florence hawaiiarrak Mavericksen hartu zuen finalerako pasea eman dion olatua. Eta Billy Kemper hawaiiarrak, Mauiko Pe’ahi urautsian hartu zuen «arraun eginaz hartutako olatu handiena».

Epaileen iritziz, «Erorketa handiena», Russel Bierke australiarrak, Alex Botelho portugaldarrak, Trevor Carlson hawaiiarrak, Lucas Chianca brasildarrak eta Makua Rothman hawaiiarrak izan zuten. Bierkek Nazaren izan zuen muturreko erorketa, eta Rothmanek Fijin. Gainerako surflari guztien erorketak Pe’ahin izan ziren. Kategoria hau da sari txikienak eskaintzen dituena, irabazleak, 3.000 dolar eskuratzen baititu.

Ikus daitekeen, moduan, surflari batzuk kategoria desberdinetan izendatuak izan dira, eta badira Grant Baker bezala, kategoria berean bi bider izendatuak izan direnak ere.

Justine Dupont nagusi

Nesketan, «arraun eginaz hartutako olatu handiena» kategoriako hiru finalistek Pe’ahin hartu zuten hautatuak izateko aukera eskaini zien olatua. Paige Alms eta Andrea Moller hawaiiarrak eta Justine Dupont frantsesa dira izendatuak.

Nesken «XXL olatu handiena» kategorian, ostera, izendatuak izan diren hiru olatuetatik bi Justine Dupontek hartu zituen Nazaren. Hirugarren izendapena berriz, Nicole Pacelli brasildarrak erdietsi zuen, Pe’ahin hartutako olatu bategatik.

Nesken kasuan, irabazleen diru sariak mutilen berdinak dira, baina finalerako soilik hiru surflari hautatzen dira.

Honi buruzko guztia: Surf