GARA
DONOSTIA

Aliantzak indartzea, LAB eta ELAren erronkak Aberri Egunari begira

Apirilaren 22an ospatuko da Aberri Eguna eta hitzordu horri begira, ELAk eta LABek adierazpen bana aurkeztu zuten atzo. Ezkerreko eragile subiranisten arteko aliantzak indartzearen beharraz jardun ziren bi sindikatuak, autogobernua eraikitzeko eta eskuin muturraren eta kapitalismoaren oldarraldiak geldiarazteko.

Eskuin-muturraren gorakadan eta kapitalismoaren oldarraldian jarri dute arreta ELAk zein LABek Aberri Egunerako aurkeztu dituzten adierazpenetan. Bakoitzak bere aldetik idatzitako agirian, bat-datoz bi botere eredu horiei aurre egiteko ezkerreko aliantzak funtsezkoak direla.

ELAk, halaber, nabarmendu zuen egun aliantza sindikal abertzale «egonkorrik» ez dagoela eta, beraz, «lan munduak askapen nazional, sozial, kultural eta linguistikoaren aldeko borrokan egin dezakeen ekarpena murritzagoa» dela.

LABen ikuspegitik, ordea, hauteskunde sindikaletan euskal gehiengo sindikalaren blokea indartuta atera da eta horri garrantzitsu deritzo, «egungo testuinguruan, sindikatu bakoitzak gure kabuz egiten dugunaz harago, kontrabotere sindikalismo abertzalea interpelatua baitago».

Hala, bi sindikatuek hiru oinarri edo ezaugarritan laburbildu dituzte beraien erronka eta estrategiak. LABek lantokietan borroka sindikalerako gaitasun handiagoa izatearen alde egiten du; langile klasearen batuketa eta eraldaketa sozialaren aldeko borrokan daudenen arteko aliantzak sustatu eta «demokrazia eta burujabetzaren aldeko urratsak» egitearekin batera.

ELAk aliantzen inguruko debatea honako hiru oinarritan kokatzen du. Mugimendu sindikalaren autonomiak ezker guztia indartzen duela defendatzen du; hala nola, aliantzak aliatu guztiak indartzen dituela eta egungo fase neoliberalean ekintza sindikalak greba kutxaren moduko interbentzio tresnak behar dituela: «Horiek gabe ezin baita prekaritatearen aurkako zinezko borrokarik egin».

Autogobernuaren erronka

Biek mobilizazio eta greben aldeko jarrera tinkoa agertu dute, eskuin-muturraren gorakadan arreta berezia jarriz. Testuinguru honetan gizarteak bi aukera dituela zehaztu zuen LABek eta bere aukera, beldurraren babes mekanismo gisa jarrera kontserbadoreak nagusitzeko arriskuaren aurrean, «sistema bidegabe honi hortzak erakutsi eta eraldaketa sozialaren aldeko borroka indartzea da».

Horregatik, hain zuzen, autogobernuaren aldeko borroka berrindartzea funtsezkoa dela adierazi zuen ELAk eta, bere aburuz, datorren inboluzio hau ezin daiteke aitzakia gisa erabili Estatu espainolarekiko subiranotasun-gatazka epeltzeko.

«Hemen erabaki nahi dugu zer nolako lan harremanak, pentsio sistema, politika feminista, sektore publiko edota ekoizpen eredua nahi eta behar dugun», nabarmendu zuen LABek, aurrean «erronka mardula» dutela ohartuta.

Bi euskal sindikatuak bat datoz Nafarroan erregimenaren mehatxua bueltan dela ohartaraztean. ELAk «aldaketaren gobernuaren» balorazioa egiten duen bitartean –alde onak zein txarrak zerrendatuz–, LABek erronka nagusi bat iragartzen du: maiatzen 26ko hauteskundeetan, «erregimena instituzioetatik kanpo mantentzea».

«Euskal langileok ez gara demokrazian bizi», kexatu da LAB, Estatu espainolarekiko mendekotasunaren eta «elite ekonomikoaren» neurrira eraikitako eredu ekonomikoaren ondorioz. 1978ko erregimenarekin ez apurtzea «egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkala indarrean jarraitzeko berme egokiena» dela uste dute bi sindikatuetako biltzarrek.

Honen inguruan, ELAk «bakearekin lotutako» agenda oso blokeatuta dagoela adierazi du. «Ezin da onartu homologazio demokratikoa ematea PP eta PSOEri, oraindik tematuta baitaude iraganean izandako urraketa oso larriak ukatzen edo egungo urraketak legitimatzen; esaterako, euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politika».

Adierazpenak

«Ez dago aliantza sindikal abertzale egonkorrik eta lan munduak askapen nazional, sozial, kultural eta linguistikoan egin dezakeen ekarpena murritzagoa da»

ELA

«Euskal langileok ez gara demokrazian bizi, Estatuaren mendekotasunaren eta elitearen neurrira eraikitako eredu ekonomikoaren ondorioz»

LAB