GARA
BAIONA

Baiona, Gasteiz eta Iruñeko erakundeek euskara elkarlanean sustatuko dute

Hiruko Itunaren baitan, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Nafarroako eta EAEko gobernuek hizkuntza politikari dagokionez lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi zuten atzo, Baionan.

EEPko egoitzan egindako agerraldian, hiru erakundeetako ordezkariek 2017an sinatu zuten akordioari jarraipena emanez aurten elkarlanean egingo dituzten jardunen berri eman zuten. Zehazki, helduen euskalduntzean, hizkuntza gaitasunen egiaztapenean, euskararen erabileraren sustapenean eta euskarari buruzko ikerketa lanean elkarrekin arituko dira.

Lan eremuak

Era berean, Hiruko Itunari esker azken urtean hiru euskal administrazio eremuko kudeatzaileen bultzadapean gauzatu diren egitasmoen bilana egin zuten. Bingen Zupiria Lakuako gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Administrazioekiko Harremanetako sailburuak eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak parte hartu zuten prentsaurrekoan.

Hirurek nabarmendu zutenez, 2017ko uztailaren 3an Nafarroako hiriburuan sinatu zuten Hiruko Itunaren eraginez euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten erakundeen artean «inoizko elkarlanik eraginkorrena» garatu dute.