Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Juan Mari Lekuonak gordetzen zituen bertso eta kantak argitaratu dituzte

«Bertsogilea» zela zioen Juan Mari Lekuonak, eta, zuen zaletasun horri keinu bat eginez, «Juan Mari Lekuona. Bertsoak» liburua argitaratu du Pamielak, familiak gordetzen zituen eskuizkribuak oinarritzat hartuz.

Familiak emandako eskuizkribu eta egunkari bat dira “Juan Mari Lekuona. Bertsoak” liburuaren iturriak. Bertsozalea zen Oiartzungo olerkaria eta horiek idazten zituen, mimo handiz prestatuak. Horiek ekarri ditu orain Pamielak, Jon eta Paulo Kortazar aita-semeen edizio lanaren ostean.

«Bere lanik apalena da, baina ez horregatik arduragabea», esan zuen Jon Kortazarrek aurkezpenean. Liburuaren erdia “Nere olerki eta kantak” deituriko eskuizkribu batean oinarritzen da. Lekuonak berak urtez urte txukun bildu zituen testuak daude. Bertako olerki gehienak argitaratuak zeuden jada, baina liburuan testu horiek aztertzen dituzte EHUko irakasle Jon eta Paul Kortazarrek, olerkariaren bizitzaren berri ere emanez.

Hori hornitzeko, Lekuonaren familiak kortazartarren eskuetan utzi zuen idazlearen ondarea, eta material horren artean aurkitu zuten agenda bat, “Egutegia 1999” izenburua duena. Hori ez zegoen txukun, beste eskuizkribua ez bezala, baina garrantzi handikoa dela iruditu zitzaien. «Bertso bakoitzeko 5-6 bertsio daude. Ez zen inprobisatzailea, bertsoak landu egiten zituen», azaldu zuen Kortazarrek. Izan ere, bere burua «bertsogiletzat» zuen.

Zaletasun zuen horren fruitua da koaderno hau. «Pertsonaz beteriko bertsoak dira. Egun, poetek beraien nitasunaz hitz egiten dute. Bertso hauetan familia, abadea, amona Joakina... agertzen dira. Ospakizunetarako egindako bertsoak daude», argitu zuen.

Liburua osatzeko asmoz, familiak utzitako argazkiak ere erabili dituzte. «Maitasunez egindako bertsoak dira eta maitasunez osatu dugu liburua», kontatu du.

Ondarea zainduz

Liburuari forma emateaz arduratu direnek testuak bere horretan uztea erabaki dute, garai bakoitzean erabiltzen zuen euskara islatzeko asmoz. Hala, 1975. eta 1999. urte bitartean idatzitako testuak daude. Hasierakoak poemak, kantak eta koplak dira, eta berrienak, bertsoak, behin eta berriz ezabatu eta idazten zituenak.

Kortazarrekin batera, Oihana Lekuona, Juan Mariren iloba, izan zen aurkezpenean. Honek familiaren «poza» helarazi zien egileei. Era berean, Iosune Cousillas Oiartzungo kultura zinegotziak lekuonatarrek herrian duten ospea aipatu zuen, eta euskararen alde egin duten lana txalotu. Jose Angel Irigaray Pamielako editoreak ere Lekuonak utzitako itzala goraipatu zuen, ahozko literaturan eta poesian erreferente bat delako.