Hegoi BELATEGI PUMAR
EUSKARAREN ALDEKO EKIMENA MUNDUAN BARNA

TXILEKO SANTIAGON LASTERKA, TXINAN ETA LESBOSEN BEZALA

SRI LANKAKO HERRITARRAK IZAN ZIREN MUNDUAN LEHENAK EUSKARAREN LEKUKOARI ERAGITEN. GERO ETORRI ZIREN LESBOS, BOISE, KALEDONIA BERRIA EDOTA TXINAKO HARRESIKO KORRIKAK, EUSKARAK MUGARIK EZ DUELA FROGATUZ. TXILEKO LASTERKETA IZAN ZEN AZKENETAKOA.

Txileko Santiagon euskararen alde egin nahi izan dute dozenaka pertsonak. Euskal Herritik 13.000 kilometrora egon arren, Andeen magalera ekarri dute euskararen aldeko aldarria. Larunbat goizean izan zen hitzordua, Providencia auzoko Suedia zubiaren parean.

Korrikalariak gutxinaka iritsi ziren abiapuntura, eta Txileko ohiturei jarraiki, patxadaz. Euskal jatorriko txiletarrek, Txilen bizi diren euskal herritarrek, Erasmus ikasleek eta euskararen alde korrika egin nahi zuten hiritar xumeek indarrak batu zituzten. Eguraldia lagun, Mapocho ibaiaren ibilbideari jarraituz tipi-tapari ekin zioten, oihuka eta irribarretsu, hainbat santiagotarren begiradak erakarriz.

Maddalen eta Miren Erasmuseko ikasleek lehen zatian eraman zuten lekukoa, eta Mireia Orbegozok, Etxepare Euskal Institutuko irakurleak, megafonoa eskuan zuela, Korrika girotzeko ardura hartu zuen. Geroago, Orbegozok berak eta bere ikasle Raul Paradak eraman zuten lekukoa. Lau bat kilometro egin ostean, etenaldia egin zuen karabanak Italia plazan, Santiagoko bihotzean. Balmaceda estatuburu izandakoaren omenezko obeliskoaren azpian, euskal kulturaren erakustaldia egin zuten. Txileri ere lekua egin zioten, cueca dantzatuz, zapiak eskuan zituztela, baita ikurrinak ere.

Plazatik irten, eta Bustamante parkerantz jo zuten; han egin zuten bigarren lekuko aldaketa. Korrikalari gazteenak hartu zuen, Martin Diaz de Mendibilek, aita Ekain alboan zuela. Zazpi urte ditu Martinek, baina eskarmentua du, bigarren aldiz eraman baitu ikurrina. Fikako Iker Fernandezek hartu zuen lekukoa azkenekoz Claudia Zamora bikotekidearekin batera, euskara ikasten ari den txiletarra. Horiek eraman zuten Euzko Etxeraino, harro.

Eraikin historiko horretan eman zioten bukaera Korrikari, familia argazkia eginez, Santiagoko etxe-orratzen artean dagoen baserri berezia atzean zutela. Pintxo eta edari artean, lagunartean, bi urte barruko Korrika antolatzen hasi ziren.