GARA
DONOSTIA

Astebeteko greba deitu du LABek Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Astebeteko greba iragarri du LABek Gipuzkoako helduen egoitzetan, apirilaren 29tik maiatzaren 5era, herrialdeko hitzarmen duin bat lortzeko xedez. Sarri beren osasuna galtzearen truke zerbitzua sostengatzen ari direnak langileak direla nabarmendu, eta sektorearen ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundia non dagoen galdetu du.

Gipuzkoako nagusien egoitzetako 5.000 langile inguruk herrialdeko itunik gabe jarraitzen dute, egokiak ez diren baldintzetan, maiz beren osasunaren truke betez eta errespetatuz egoiliarren oinarrizko eskubideak. Azken hilabeteetan LABek zein ELAk deituta egin dituzten greba egunak ez dira berriak eurentzat. Historikoki borrokak bata bestearen atzetik lotu dituzte, prekaritateari eta haserreari erantzunez.

LAB da eredua alda dadin mobilizatu izan den indarretako bat, «jendartearen funtsezko eskubideak hobetzeko, ez interes ekonomikoak saritzeko». Orain grebarako pausoa eman du berriz ere, langileak astebeteko mobilizazioetara deituta, apirilaren 29tik maiatzaren 5era.

Atzo prentsaurrekoan adierazi zuenez, zerbitzu sozialen esparruan txertatzen den heinean, zahar etxeetako lanak publikoa izan behar duela defendatuko dute, «orain arte bezala enpresa pribatuen interesen araberako erabakiak har ez daitezen». Horregatik, negoziazioan herrialdeko hitzarmen bat lortzen saiatuko dira.‬

Aldundiaren «joko zikina»

Denbora aurrera doa eta langileek itunik gabe segitzen dute. Bitartean, «non dago sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundia?», jakin nahi du LABek. Izan ere, «ahoa betetzen zaio helduen egoitzetako zerbitzuaren inguruan hitz egiten, baina ezinbesteko zutabea diren langileak baztertzeko erabakia hartu du».‬

Aldundiak, «beste aldera begiratzeaz gain, negoziazio prozesuan joko zikina bultzatzen» duela ere salatu zuen sindikatuak. «Adegi eta Matia 2020 patronalak, ELArekin batera, beste negoziazio paralelo bat egitera gonbidatu ditu, mahaiaren eta langileen gainetik pasatuz. Eta zer lortu dute?», galdetu zuen LABek. «Negoziazio mahaiari balioa kentzea, mahaia blokeatzea, eta sektorean mesfidantza sortzea».‬

Hitzarmenaren ardatzak

Sindikatu honen iritziz, honakoek izan beharko lukete herrialdeko hitzarmenaren ardatz nagusiak: alde batetik, oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen mende dauden langileen batez bestekoarekin homologatzea. Bestetik, kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea.‬Langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekidea sortzea, eta, azkenik, prestakuntza kontuan izateko puntu garrantzitsutzat hartzea.

Horregatik guztiagatik erabaki du LABek berriro greba egitea. Sektoreko langile guztiak herrialdeko itun duin baten alde mobilizatzera animatu ditu.

Sektorean %95 emakumeak dira eta datu hori klabea da borroka ulertzeko orduan. Hala adierazi zion GAUR8ri joan den larunbatean ELAko Txomin Lasak. Argi du ez dutela atzerapausorik emango. 2017ko urtarrilean aurkeztu zuten eskaeren plataforma. «Erabat eskaera zentzuzkoak ziren guztiak, sektorea orekatzeko eta erregularizatzeko beharrezkoak (...). Baina ez genuen erantzunik jaso. Patronalek arazoa beraiena ez balitz bezala jokatzen zuten; Aldundiak, berriz, denbora pasatzen uzten zuen ezer egin gabe», oroitu zuen Lasak.

Greba erregistratu zutenean hasi ziren mugitzen; proposamen «lotsagarria» jarri zuten patronalek mahai gainean, ordea, eta ELA negoziazio mahaitik joan zen. Azaldu zuenez, Aldundiak eskatuta, Adegi eta Matia patronalekin zuzenean akordio bat lortu zuen sindikatuak, baina «badirudi foru instituzioak ez duela babestu nahi».

Etxez etxeko laguntzako ituna gaurkotzeko exijitu dute

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak ere hitzarmen berri baten beharra dute. Hala adierazi zuten atzo goizeko 07.30ean Bilboko San Mames aldeko sarreran egin zuten elkarretaratzean. Gero, hiriaren erdigunetik barna manifestazioan joan ziren Foru Aldundiaren egoitzaraino. Kasik bi orduz ibili ziren, besteak beste KPIaren araberako soldata igoera eskatuz, azken zazpi urteetan jornala izoztua izatearen ondorioz galdu duten erosahalmena berreskuratzeko. Sektorean prekaritatea bukatzeko hitzarmen kolektiboa eguneratu eta hobetu behar dela defendatu zuten.

Bezperan bezala, atzo ere greba egin zuten, ELA, LAB, UGT eta USOk deituta. 1.500 laguntzaileri eta mendekotasunen bat duten 12.000 erabiltzaileri eragiten die, konponbiderik topatu ezean, maiatzean ere jarraituko duen protestak. Erantzunik jasotzen ez badute astebeteko greba antolatuko dutela abisatu dute.

Etxez etxeko laguntzaileek udalek zerbitzu hori emateko azpikontratatutako enpresek negoziatzeko duten «borondate falta» gaitzetsi zuten, baita Aldundiak, mendekotasuna duten lagunen balorazioa egiteko ardura duenak, «beste aldera begiratzea» ere.GARA