Dabid LAZKANOITURBURU

Indonesiako presidentea jeneral bati eta islam hertsiari gailendu zaie

Joko Widodo egungo Indonesiako presidenteak aise irabazi dizkio hauteskundeak Prabowo Subianto jeneralari. Azken honek, Suharto diktadorearen suhiak, alderdi islamistekin bat egin du munduko herrialde musulman handienak bizi duen islamizazio prozesua politikoki baliatzeko. Hauteslekuak itxi ondorengo inkesta guztien arabera, ez zaio ondo atera.

Indonesiako presidenteak, Joko Widodok, aise irabazi dizkio hauteskundeak Prabowo Subianto jeneralari, bozkalekuak itxi eta kaleratu diren inkestek adierazten dutenez.

Euskal Herrian goizeko zortziak zirela itxi zituzten ateak azken hauteslekuek. Lehenak Papuasian zabaldu ziren, 17.000 uhartez osatuta dagoen Indonesiako ekialdean. Azkenak Sumatraren mendebaldean itxi ziren; beraz, izugarrizko desafioa izan da mendebaldetik ekialdera 4.800 kilometroko luzera duen herrialdean egun berean hiru hauteskunde antolatzea: presidentzialak, Parlamenturako bozak eta udal hauteskundeak.

Emaitza ofizialak jakiteko maiatzera arte itxaron beharko den arren, hauteskundeak amaitu eta bi ordura kaleratu ziren inkestak. Eta Indonesiako Hauteskunde Batzordearen (KPU) baimenarekin lan egin duten 40 inkesta-etxek jasotako datuen arabera, Joko Widodo presidenteak, «Jokowi» ezizenez ezaguna denak, botoen %54-56 eskuratu ditu, eta Prabowo Subiantok ez du %43-45a gainditu.

Munduko herrialde musulmanik populatuena den Indonesian (gutxigatik baina musulman gehien bizi diren herrialdea India da) islamaren hautua izan da hauteskundeetako lehian ardatz nagusia.

Joko Widodok islamaren interpretazio malguagoa defendatzen du. Prabowo Subiantok, ordea, Hizbut Tahrir eta Islamaren Defendatzaileen Frontea talde islamistekin ituna sinatu du hauteskundeen bezperatan, Indonesiak bizi duen islamizazio-prozesua politikoki aprobetxatzeko asmoz.

Inkesten arabera, ez omen zaio ondo atera. Joko Widodo «Jokowi» egungo presidentea ere ez da geldirik geratu eta hauteskundeetarako bere bigarren gisa Maruf Amin klerikoa aurkeztu du, Indonesiako Ulemen Kontseiluko presidentea, alegia, herrialdeko erakunde islamiko handieneko burua.

Jokowik gogoan du bere bigarrena zenak, Basuki Purmana («Ahok») politikari kristau eta jatorriz txinatarrak kartzelan amaitu zuela, Jakartako gobernadorea hautatzeko bozetan ustez islama iraintzeagatik, zehazki Koraneko bertset bat aipatu zuelako.

Giza eskubideak ahaztuta

Presidenteak kartzelan usteltzen utzi zuen Ahok, baina ez da hori boterea eskuratu zuenean Barack Obama AEBetako presidente ohiarekin alderatu zuten Jokowik egin duen traizio bakarra. Giza eskubideak eta gutxiengoak defendatzen dituzten erakundeek boikota (golput) iragarri zuten, abstenitzera edo zuri bozkatzera dei eginez.

Hala ere, itxuraz presidenteak behar adina boto eskuratu ditu Prabowo Subiantori aise irabazteko. 2014an askoz estuagoa izan zen bien arteko aldea.

Prabowo Subianto jenerala Suharto diktadorearen (1967-1998) suhia da eta segurtasun eta gastu militarrak handitzearen alde agertu da, islamizazio prozesuaren azkartzearekin batera. Ekonomia arloan, Donald Trumpi jarraituz, «Indonesia First» leloa aldarrikatu du, protekzionismoa defendatuz eta Txina Indonesian bultzatzen ari den inbertsio izugarriak kolokan jarriz.

Egungo presidenteak, ordea, herrialdearen bilakaera ekonomiko positiboa baliatu du (%5eko hazkundea urtero) eta Txinaren laguntzarekin bultzatzen ari diren azpiegiturak jarri ditu mahai gainean, eraiki berri den Jakartako metroa adibidez.