GARA
LEIOA

Leioako Umore Azokak 49 konpainia eta 120 emanaldi izango ditu

Leioako Umore Azokak aukeratu ditu jada maiatzaren 16tik 19ra egingo den 20. edizioan parte hartuko duten 49 konpainiak. Leioako Udaleko Kultura Sailak zorrotz aztertu ditu Batzorde Artistikoaren bitartez jasotako 620 proposamenak, eta Euskal Herriko 19 konpainia, nazioarteko 27 eta Tokiko Eszena ekimenean parte hartuko duten udalerriko hiru talde izango dituen egitaraua egituratu du. Azokak 120 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu aurten.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Umore Azokak programatutako ikuskizunen erdiak baino gehiago estreinaldiak izango dira. Hala, Leioara joaten diren profesionalek eta ikus-entzuleek aukera izango dute egungo kaleko panorama artistikoko konpainia azpimarragarrienetako batzuen ikusi gabeko proposamenez gozatzeko.

Guztira, 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dira Leioan, aire zabalean eta ohikoak ez diren guneetan, dohainik, eta ikus-entzule guztiei zuzendutako diziplina anitzetakoak. Antzerkia eta zirku garaikidea izango dira programazioaren ardatzak, eta diziplina anitzeko ikuskizunek eta bestelako generoek ere presentzia garrantzitsua izango dute; horien artean, musika, magia, clownak, dantza bertikal eta airekoak, txotxongiloak, harearekin egindako arteak eta musika tresnak egiteko tailer bat izango dira aukeran.

Umore Azokan izango diren 19 euskal konpainiek 20 ikuskizun aurkeztuko dituzte denera, eta horietatik 14 erabateko estreinaldiak izango dira. Antolatzaileen hitzetan, horrek «Leioa finkatu egiten du sektorerako erreferentziazko leku gisa, 20 edizio kaleko sukaldean artea prestatzen eman eta gero».