Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren botilak

Mezuak botiletan sartzeko ohitura imajina dezaket noiztik datorren. Irla galdu batean, zibilizaziotik urrun dagoenak botila batean botatako laguntza deia da, normalean. Gerora metafora bezala erabili izan da. Lau mezu, hiru botilan eta laugarrena egurrezko lekukoan. Theodor Adorno filosofoaren esanetan, herri-musika distrazio orokorrera daraman asmo maltzurretarako arma da. Musika zaila edo klasikoa (zaharra) artea da; musika erraza (berria), ordea, txarra eta edertasunaren apurtzailea, eta, beraz, ahaztekoa. «Hori da benetako mezua botilaren barruan», idatzi zuen. The Police taldeak maitasun eske bidalitako mezua dauka “Message in a bottel” abestian, munduko bihotz bakartien klubekoei zuzendua. Ehun mila milioi botila ikusiko ditu maitasun eskaleak hondartzan, denak maitasun eske. Doctor Deseo taldearen “El cuento de la botella y sus dos mensajes” botilako mezuak transexualitatea eta transgeneroa du hizpide. Gertakizun latz batean oinarrituta, edo bestelako gorputz bat desiratuz norbait suizidatzen denean. Maialen Lujanbiok Korrikaren bukaeran irakurri zuen egurrezko lekukoan idatzitako mezua: «Euskarak behar du herri honen sistema eragilean, euskara, bestelakoa baita... hain zuzen, besteak bezain bestelakoa. Bestelakoa eta besteak bezalakoa». Euskaldunok naufragoak gara geure herrian, gure eskakizuna xumea bezain konplexua da: euskaldunez betetako Euskal Herria nahi dugu, izatearen abantaila inolako egiaztagirik gabe. Ez gara euskaldun eta herri izatearen errudun.