GARA
DONOSTIA

Euskal Herriko txioen %80 inguru gaztelaniaz idatzi eta bidaltzen da

Zer hizkuntzatan hitz egiten dute Euskal Herriko Twitter erabiltzaileek? Eta nolako harremanak dituzte elkarren artean? Bi galdera horiei erantzuten dien analisia egin du Elhuyarreko ingeniaritza linguistikoko taldeak, eta Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen erradiografia bat aurkeztu berri du.

Elhuyarreko ikertzaileek Euskal Herriko Twitter erabiltzaileek baliatutako hizkuntzak aztertu dituzte lehendabizi. Batez ere, euskararen erabilera beste hizkuntzen aldean zenbatekoa den jakitea izan da helburua.

Emaitzak dioenaren arabera, gaztelania da nagusi Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen artean. Txioen %80 inguru gaztelaniaz idatzi eta bidaltzen da. Euskara da bigarren hizkuntza erabiliena, txioen ia %10. Ondoren dago frantsesa eta ingelesa, %5eko erabilerarekin.

Harremanak

Sare sozialetan, mundu errealean eta fisikoan bezala, erabiltzaileak interes edo ezaugarri komunak dituzten beste erabiltzaileekin erlazionatzen dira. Interes horiek desberdinak dira (kirola, politika, hizkuntza..) eta ardatz horien inguruan erabiltzaile taldeak edo komunitateak sortzen dira.

Euskal Herriaren kasuan, ikerketak argi adierazi du Twitter erabiltzaileen arteko hartu-emana lau aldagai nagusik definitzen dutela: politikak, geografiak, kirolak eta euskarak, hain zuen.