Ibon Cabo Itoiz
KOLABORAZIOA

Nork gidatzen du kotxea?

Orain dela gutxi hitzaldi batean entzun nuen Dakar rallyaren hurrengo edizioko ibilbidea Arabiatik pasatuko dela. Une horretan piztu egin zen eztabaida. Arabian, gaur egun, emakumeek ezin dutelako kotxerik bakarrik gidatu. Hori dela eta, ideia batzuk datozkit burura eta erabaki dut nire iritzia konpartitzea irakurleekin iritzi artikulu honen bidez.

Mendebaldeko potentzietan emakumeek gidatzeko baimena lor dezakete. Arabiar herri batzuetan, ordea, debekatuta dago kotxez zirkulatzea emakumeentzat. Egia da gidatzea askatasunaren zati garrantzitsua izan daitekeela guztiontzat, bereziki lanera bakarrik joan daitekeelako edo aisialdian disfrutatzeko. Gauzak bakarrik egitea izugarrizko gaitasuna izan daiteke gure askatasunarentzat. Eskubide hau inportantea da gaur egun Europa garatuan. Urrats sendoa bada ere, ez da nahikoa benetako berdintasuna lor dezagun.

Beste leku batean, jolas parkeetan ere, askotan saiatzen gara gidatzen. Adibidez, Port Aventura parkean, ordubeteko ilara pairatu eta gero, gurasoak errusiar mendiko lehen bagoia lortzen saiatzen dira. Bagoi horretan ez daukagu gidatzeko aukerarik baina gure buruan gidatzea eskubide bezala ikusten dugu. Beste egoera batzuetan ere, amets egiteko erabiltzen dugu bolantea hartzea. Gidatzea askatasunarekin lotzen dugu gure iruditeria kolektiboan, baita boterearekin ere.

Hala eta guztiz ere, etxe ondoan dauden beste jolas parkeetan auto zaharrak erabiltzen dituzte gurasoek zein aitona-amonek umeak eramateko. Askotan, lorategi berri horietan aitona-amona gehiago ikus daitezke gurasoak baino. Une horretan galdera batzuk datozkit burura: Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak nahikoak dira gure erkidegoan? Noraino heltzen da gure gidatzeko gaitasuna?

Emakunderen arabera, berdintasunaren arloan, gauzak ez dira ari hobetzen. Lehenik eta behin, soldatak ez dira izaten berdinak emakumeentzat zein gizonentzat, askoz baxuagoak direlako emakumeentzat. Aldi berean, emakumeek, oro har, lan partzialak gehiago hartzen dituzte. Konkretuki, Eusko Jaurlaritzaren arabera kontratu partzialen %80 emakumeentzat izaten dira. Hala eta guztiz ere, etxean zama guztiarekin jarraitzen dute andreek. Egoera hau ikusita, gurasoen laguntza ezinbestekoa izaten da. Nahi gabe, emakumeek gurasoengan mendekotasun izugarria jartzen dute. Horregatik, aitona-amonak izaten dira gidariak etxe ondoan dauzkagun jolas parkeetan. Gurasoentzat zein emakumeentzat, askotan, Port Aventuran eta oro har buruan bakarrik da posible gidatzea.

Egia da arabiar herrialdeetan gidabaimena edukitzea sekulako aurrerapena izango litzatekeela herri horietan bizi diren emakumeentzat. Gainera, ez dauka zentzu handirik Dakarreko Rallyan emakumeak gidatzen ikustea eta aldi berean kaleetan debekua mantentzea. Baina ezin ditugu basamortuetan begiak josi eta ahaztu zein den gure egoera EAEn. Berdintasuna gure ondoan dauden gauzak aldatzen hasten baita, eta hori gure esku dago bakarrik.