GARA
DONOSTIA

Zerocalcare, sei hilabete geroago baina arazo berdinak

Farmazia Beltza argitaletxeak komikigile ezagunaren «Macerie prime» albuma euskarara ekarri du, «Hondamuinean» izenarekin, baina bi zatitan banatuz. Horretarako Koldo Izagirre izan du bidelagun.

2018ko azaroaren erdialdean argitaratu zuen Farmazia Beltza argitaletxeak Zerocalcare egile italiarraren “Hondamuinean”. Oraingoan album horren bigarren partea daukagu esku artean, “Hondamuinean sei hilabete geroago”.

Koldo Izagirre izan da komikiak euskarara ekartzearen arduraduna. Honen hitzetan, orain atera duten albuma aurrekoaren jarraipena da. «Hobekuntzarik ez gizartean eta, ondorioz, bizimoduan. Harremanak ezin izan gozoak. Elkartasunik eza...», aipatu digu liburuan aurkituko duguna laburtuz.

Izan ere, Zerocalcare Michele Rech 35 urteko komikilariaren ezizena da. Bere belaunaldiko arazoak islatzen ditu binetetan; gizarteko gorabeherak, krisiak gazteei nola eragin dien eta berak, marrazkilari ezaguna izanik, nola sentitzen duen leku pribilegiatu batean dagoela. Salatu egiten du gertatzen ari dena, bere burua Zero pertsonaiaren bidez islatuz. «Aurreko alearen gai berdinak jorratzen dira, eta han azaltzen diren istorioen luzapena da. Interesgarria da lehen alean Giuliacometti pertsonaiak zeukan ‘absentzia presente’ haren eboluzioa», argitu digu Izagirrek.

Italieratik zuzenean

“Hondamuinean” berez album bakarra da, “Macerie prime” deiturikoa, Farmazia Beltzak bi ataletan zatitzea erabaki zuena.

Izagirrek italieratik zuzenean itzuli ditu biak oraindik ez dagoelako ez frantseseko ez gaztelerazko itzulpenik. «Zerocalcarek berak esan zuen Euskal Herria hurbilekoa egiten zaiola Bolonian egin zituen lagunei esker, besteak beste», azaldu digu itzultzaileak.

Erabilitako hizkuntzari dagokionez, euskara desberdin baten aldeko apustua egin behar izan du beste behin. «Ribabiako auzoa handik eta hemendik batutako jendeaz osatu da, eta beraien hizkera ez da ez italiera estandarra, ez hiriburuan, Erroman, egiten dena. Nahaste bat da, eta herri xeheak erabili ohi dituen esapide desegokiez edertua. Hori islatu nahi izan dugu euskarazkoan ere», esan digu.