GARA
GASTEIZ

35 konpainiak osatuko dute KaldeArteren XIV. edizioa

Ekainaren 7an, 8an eta 9an ospatuko dute Gasteizko kaleko arteen nazioarteko jaialdia. Hainbat estreinaldi iragarri dituzte, baita jaialdi ospetsuetan saritutako ekoizpenak ere. Guztira 70 ikuskizun eskainiko dituzte, publiko mota desberdinei egokitutakoak.

Datorren ekainaren 7an hasiko da KaldeArteren XIV. edizioa, Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldia. 35 konpainiak ikuskizunak eskainiko dizkiete hiriko ikusleei, formatu handiko, ertaineko zein txikiko 70 emanalditan. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia den Estibaliz Cantok aurkeztu zuen atzo ekitaldia.

Lau ikuskizun kalean estreinatuko dira –Estatu espainolean lehen aldiz ikusiko direnak–; bi erabateko estreinaldiak izango dira, eta zenbait ikuskizun KaldeArteren laguntzarekin ekoitziak izan dira. Parte hartuko duten konpainietatik, zazpi dira Gasteizkoak; beste hamar Euskal Herrikoak; hamaika Estatuko beste lurralde batzuetakoak; eta zazpi Estatutik kanpokoak. Horien artean, nazioarteko jaialdi ospetsuenetako azken edizioetan saritutako zenbait lan ikusi ahalko dira.

«Oraingo edizioan, konpainia kopuruari zein aurrekontuari eutsiko die erakustaldiak; ostiral arratsaldeko eta larunbat goizeko programazioa mantenduko eta handituko da, eta orain arte erabili ez diren beste espazio batzuk gehituko dira, hala nola Lanbideen Udal Lantegi-Eskola, Musikaren ibilbidea, eta landa inguruneko espazio bat ere bai», adierazi zuen Canto zinegotziak.

Bereziki aipatzekoa da Parisen finkatutako Teatro del Silencio konpainia txiletarrak parte hartuko duela, bi urtetan jaialdiarekin elkarrizketak eduki ostean. 22 aktore igoko dira taula gainera “Rumbo al cementerio” muntaia sortzeko. Horixe izango da inaugurazio ekitaldiko ikuskizuna.

Aktoreei 40 boluntario gasteiztar batuko zaizkie. Ikuskizunean parte hartu nahi duenak izena eman dezake Udalaren Kultura Zerbitzuan, posta elektronikoz (infocultura@vitoria-gasteiz.org) edo telefonoz (945 16 12 68).

Informazioa eta sarrerak

Bestalde, iragarri zuten ekainaren 1etik aurrera, KaldeArteren postu bat jarriko dutela Urrezko Zeledonen plazan, Postetxearen aurrean, ikuskizun guztiei buruzko liburuxka banatzeko.

Jon Basaguren eta Maider Zabalegiren kontzertuetarako eta El mono habitado eta Pez limboren antzerkietarako sarrerak El Corte Ingles saltokian eskuratu ahal izango dira, maiatzaren 6tik aurrera, 5 euroan.

Era berean, “Gure Zirkua”, zirku ibiltari euskalduna, ekaineko lehen hiru asteburuetan izango da Gasteizen. Sarrerak jada salgai daude www.ticketea.com webgunean.