Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Bi urrats handi behar ditu Baskoniak CSKA garaitzeko

Abduktoreetan izandako arazoen erruz, Vildoza ez da topera izango gaur gaueko neurketan, baina kapazizango da Huertasi erreleboa emateko. Dmitris Itoudis entrenatzailea partidako giroa berotzen hasi da.

Moskuko CSKAri Euroligako final-laurdenetako kanporaketako bigarren partida 68-78 irabazi ostean, Kirolbet Baskoniak serie hau etxean erabaki lezake. Baikorrenen ustez, gasteiztarrek «etxean lau partida irabazi» baino ez dute egin behar Euroliga eskuratzeko. Baina hain dira urrats erraldoiak...! Egia da, finean, Gasteizko Final Fourrera iristea posible izango luketela Perasovicenek Moskun erakutsitako mailari eutsiz gero.

Alabaina, CSKAk gasteiztarrei min emateko lain baliabide dauzka, nahiz eta badirudien aurreko denboraldietan baino kamutsago dabiltzala Nando De Colo eta Sergio Rodriguez antolatzaileak. Ondorioz, errusiarren ekimena Corey Higgins eta Will Clyburn estatubatuarrek eramango dute ziurrenik.

Aurreneko bi norgehiagoken ostean, ez da erraza jakiten zer gertatuko den; barruko jokoan nagusi dira gasteiztarrak –Poirier batik bat– eta kanpotik, berriz, lehenengo egunean CSKAk ia dena asmatu bazuen, bigarren neurketan odolkiak ordainetan eman zizkieten gasteiztarrek, Shields, Hilliard eta Garinoren bitartez.

Luca Vildoza, Saski Baskoniako antolatzaile argentinarra, ordea, ez zen finegi aritu Errusian. Zale gasteiztarrak Vildozaren magiaren zain daude, baina Mar del Platakoak badu bere burua gobernatzen nahikoa lan. Velimir Perasovic entrenatzaileak adierazitakoari men eginez gero, argentinarra ez omen da topera izango ez gaur gaueko ez ostiraleko –biak ala biak 20.30ean hasiko dira– partidetarako. Antza, abduktoreetan arazoak ditu Luca Vildozak eta hargatik ezin izan du azken bi egunetan entrenatu.

Epaileei begira alde guztietatik

Bestetik, Gasteizko bi partida hauei begira, guda psikologikoa martxan da, batik bat epaileen lanari begira.

Gogoan izan behar dira bigarren partidaren ondorengo Perasovicen hitzak. «Behingoagatik, epaileek ez dute kontaktu oro faltatzat epaitu. Horrek gogorrago jokatzen lagatzen digu; ikusi egin behar maila hori mantentzen den hurrengo neurketetan ala lehenengo partidako mailara itzultzen diren».

Ez zitzaizkion, nonbait, hitzok batere gustatu Dmitris Itoudis Moskuko CSKAko entrenatzaileari. «Oker ez banago, beste taldeko entrenatzaileak bigarren neurketako jaurtiketa libre kopuruari buruz ez du ezer esan, baina bota zuen berea lehenengo partidaren ondoren», kritikatu zuen. Esan behar aurreneko partidan 28 jaurtiketa libre izan zituela Moskuko taldeak, 10 bakarrik gasteiztarrek; bigarrenean aldiz, 13 jaurtiketa libre izan zituen Ejerzito Gorriaren klubak, 16 Baskoniak. «Jakin dezatela gogorrago jokatuko dugula; beste inork gugan federik ez badu ere, guk gure buruarengan uste handia baitugu», bota zuen azkenean Itoudisek.

«Ez du epaileez zer kexatu handirik», erantzun zion atzo Marcelinho Huertas antolatzaileak. Brasildarraren ustez, epaileen lana ona bada, «ez da bion artean alde handirik izango».