Jon ORMAZABAL
PILOTA

Urrats bat gertuago

Aimar Olaizolak oso gustura amaitu du Gasteizko Lakua pilotalekuan egindako frontoiko aproba, sentsazioak oso onak izan dira, baina ez du itzulerarako eperik jarri nahi. Hiru astetan prest egon liteke.

Berriz ere kantxetan lehiatu ahal izateko egiten ari den osatze prozesu luzean, pauso garrantzitsua eman zuen Aimar Olaizolak atzo Gasteizko Lakua pilotalekuan, izan ere, oso gustura amaitu baitzuen lesionatu zenetik entrenamenduetan normalean erabiltzen dituzten tokezko pilotekin egindako lehen saioa. Iñigo Simon Baikoko sendagilearen eta Itxaso Sanchez bere errekuperazioan alboan izan duen fisioterapeutaren begiradapean, Goizuetako aurrelariak ordubete inguruko entrenamendu bat egin zuen eta sentsazioak bikainak izan ziren.

Hala ere, kantxetara itzuli aurretik, lesiotik erabat osatuta dagoela sentitu nahi du pilotariak. «Oso gustura amaitu dut egindako aproba hau, baina oso argi daukat, orain arte egin dudan moduan, ez dudala berriz ere zuriz janzteko datarik. Kantxetara erabat osatuta itzuli nahi dut. Horretarako medikuek esandako guztia egiten jarraituko dut eta hankaren egoeraren arabera izango da. Hori bai, onartzen dut gaurko probaren ondoren oso pozik geratu naizela», azaldu zuen pilotariak bere enpresaren web orrian.

Beasainen, gainerako kideekin entrenatzen ari zela hartu zuen min ezker belauneko koadrizepsean Aimar Olaizolak, duela 11 aste eta, gauzak ondo, hurrengo astelehenean ekingo dio berriz ere taldekideekin entrenatzeari. Iñigo Simon Baikoko sendagilearen arabera, hiru aste barru jokatzeko moduan egon liteke Goizuetako aurrelaria.

Inolako minik gabe

Atzokoan bakarrik aritu zen frontoian Olaizola II.a. Lehenengo, ohiko beroketa ariketak egin zituen, korrikaldi laburrak, irteerak eta geratzeak, bere ezker koadrizepsak nola erantzuten zuen ikusteko. Dena primeran joan zen eta, ariketa horien ostean inolako minik izan ez zuenez, pilotarekin probatzen hasteko ordua zela erabaki zuten hiruren artean.

Aurretik eginak zituen Baikoko aurrelariak hiru bat saio pilota goxoarekin, batez ere mugimendu batzuk lantzeko, baina atzokoan takoak jantzi eta entrenamenduetan ohikoak dituzten pilotekin jardun zuen, lautik laura piloteatuz eta zenbait sake eginez. Dena primeran joan zen eta orain kantxetara itzultzeko erritmo apur bat hartzea baino ez zaio falta goizuetarrari.

Hurrengo astetik aurrera partidatxoak jokatzen hasiko da bere taldekideekin eta, presarik gabe, kantxetara itzultzeko unerik egokiena zein den erabakiko du sendagileekin. Behin Buruz Burukoari uko egin ostean, udan ahalik eta mailarik onena ematea da Aimar Olaizolaren hurrengo erronka.

Azaroan 40 urte betetzear dela, 2020. urtera arteko kontratua du sinatuta aurrelari nafarrak bere enpresarekin eta azkenaldian kantxan ematen ari zen maila ikusita, lan harreman hori berriro luzatzeko esperantza baduela adierazi du pilotariak. Entrenatzen min hartu zuen arte, Binakakoan sekulako maila eskaintzen ari zen Jon Ander Albisurekin eta berriz ere maila horretan jokatzen ikustea albiste ona litzateke guztientzat.

Txapeldun batzuei heldu zaie ordua

Txapelketa azkarra, motza da Buruz Burukoa, bigarren aukerarik ematen ez duena, eta bigarren jardunaldi honetan parte hartzaileen erdiak txapelketatik kanpo geratuko dira. Halakorik ez gertatzea nahiko lukete euren lehen partida jokatuko duten lau pilotariek: Irribarria, Rezusta, Bengoetxea eta Erik Jaka, hau da, Buruz Buru txapeldun izan diren bi pilotari eta egungo Binakako atzelari irabazlea.

Gaur egingo dira ostiralean Jaka eta Tolosak irekiko duten jardunaldirako lehen material aukeraketak. Julen Retegi eta Oinatz Bengoetxeak, txapelketako bi pilotaririk beteranoenek, Labriten dute hitzordua goizeko hamaiketan eta eguneko bigarren zita Tolosan izango da, 13.30ean aukeratuko dituzte-eta pilotak Erik Jakak eta Iñaki Artolak.

Bihar beste bi aukeraketa egongo dira: 11.00etan, Eibarren, Victorrek eta Irribarriak; eta 13.30ean Zumaiako Aitzurin, bertan lehiatuko dira-eta astelehenean Beñat Rezusta eta Peio Etxeberria. J.O.