Ainara Maya Urroz
Idazlea
KOLABORAZIOA

Nafarroaren Egunean, Mattin eta Salbador, irriak eta malkoak

Nafarroaren Egunaren biharamunarekin idazten dut artikulu hau, eta Espainiako hauteskunde gau mediatikoaren ajeaz izkiriatzen ditut eskutitz hauek, eskutik hatzetara hemen doakizue neure kronika pertsonala.

Aspaldi ohartu naiz ez dudala maitasunaren gibeletik joan beharrik, ni bainaiz «maitasuna» bera, eta ez dudanez oraindik alderdi politiko-poetiko bat sortu, «bildu» nahi izan dut atzoko ene bizipen eta bizipoz puska bat zuek ere zerbait senti dezazuen neuretik. Goizean goiz iratzarri eta bozkatzera joan naiz Irunen, nire herrian, eta ondoren lagun batekin joan naiz Baigorrira, Pausu den mugaz gaindi eta poliziarik gabe.

Egun eguzkitsua lagun, iritsi ginen Nafarroa Behereko Nafarroaren Egunera, hauteskunde espainiarren egunean nafarron (euskaldunon) batasuna ospatzeko. Izan ere, muga fisikorik ez dago jada, atzean gelditu dira duela 30 urteko mugako auto ilara luzeak, baina orain muga mentalak ditugulakoan nago, eta horiek, ene irudiko, askoz ere bortitzagoak dira, prefosta! Malko batek irrist egin zidan Baigorriko zubitik behera.

Harrera beroa egin ziguten erraldoiek eta joaldunek, Xalbador eta Mattin erraldoiek irrizko eta malkozko begirada amultsua bota zidaten, eta irri bat nahiz malko bat eman nien bueltan. Harrera beroa egin ziguten ezagun eta lagunek, mugaren alde batekoek zein bestekoek. Baigorriko plazan Maiatz agertu zitzaidan apirilaren hondarrean eta ene aita zena amaiurtarraren biografia salgai ikusi nuen, eta irri bat marraztu zitzaidan Baigorriko pilotalekuko dantzariei begira.

Baigorri eta Amaiur ez dute inongo mugek bereizten, ez bada Izpegiko lepoa, bien arteko muga fisiko paregabea, bereizteko baino gehiago lotzeko balio izan diguna mendeetan zehar, eta euts diezaiogun hori. Amaiurko jendea, hauteskunde espainiarretarako Azpilkuetan bozkatu ondoren, agertu ziren, gu bezala, elkarrengana biltzeko eta elkarri hats emateko, eta ahantz dezagun ez duguna eta bereizten gaituena, eta ez baikor ez ezkor atxiki diezaiogun batzen gaituen horri: euskara eta euskal kultura.

Plazera izan zen herri bazkarian parte hartzea eta bertze amaiurtar eta euskaldun aunitzekin bazkaltzea: Harkaitz Garaialde hondarribiarra, Gaizka Aranguren iruindarra, bertzeak bertze. Plazera izan zen bazkalondoan kantuz aritzea Erramun Martikorena baigorriarrarekin eta Kuxkuxtu txarangarekin. Plazera zortziko, arin-arin, fandango eta mutxikoen airera dantzan biribildurik aritzea.

Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik, muga oro, badena eta ez dena, ezabatu ditugu irriz eta malkoz, muga oroz gaindi euskaldunak gara eta elkarrengana biltzeko ahalegina egiten dugu kanpotik ezartzen zaizkigun muga mental horiek kentzeko.

Libertatea hemen badugu

galde egin gabe nehork

elgarri esku eman dezagun

gostarik ere zernahi

(Mendiaga)