Jon ORMAZABAL
PILOTA

Zaratamoko ametsak bizirik jarraitzen du Elezkano eta Urrutikoetxearekin

Buruz burukoaren historian hiru aldiz baino ez dute jokatu finala herri bereko bi pilotarik, 2008an bi leitzarrek, Axpeko bik 77an eta bi azkoitiarrek 42an.

Apenas 1.600 biztanle inguru ditu Nerbioi ibarreko herri txiki honek, baina dudarik ez dago, azken urteetan pilotaren modako herria dela Bilbo Handian kokatutako landa giroko udalerri hau. Mikel Urrutikoetxearen txapelez gozatu zuten lehenengo eta Danel Elezkano izan da, azken Binakakoan, ospakizunerako motiboa ematen azkena, baina handiena oraindik etortzeke egon liteke, bi pilotari hauek ekainaren 2an jokatzekoa den finalerako sailkatzeko moduan daude eta, biak ala biak finalerdietan sartu baitira.

«Herriarentzat oso polita da, Zaratamo bezalako herri txiki batentzat eskuz banakako finalean bi pilotari finalean egotea gauza polita da, urte askotako lanaren emaitza dela uste dut, ongi egindako lanaren ondorio eta nik uste dut disfrutatzeko moduko momentua dela. Herriaren erdian dago pilotalekua, gazte guztiek bertara jo ohi dugu eta ea hurrengo urteetan pilotari gehiago irteten diren», azaldu zuen Danel Elezkanok, Peio Etxeberria kanporatuta, finalaurrekoetarako txartela eskuratu eta berehala.

Hori bai, amets hori bete ahal izateko, lehen mailako aurkariak kanporatu beharko lituzkete biek ala biek. Mikel Urrutikoetxeak Joseba Ezkurdiaren aurka jokatu beharko du maiatzaren 18an Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta Iker Irribarriaren aurka Elezkanok, egun bat beranduago Eibarko Astelenan.

Ezaugarri desberdinak dituzten arren, erregulartasuna eta fidagarritasuna izan daitezke bi pilotariek daukaten ezaugarri komuna. Elezkano azken bi urteetan jokatutako txapelketa guztietako finalerdietan egon da iazko Lau eta Erdikoa kenduta eta Mikel Urrutikoetxea da azken sei urteetan Buruz Buruko finalerdietan gehien sartu den pilotaria, iazkoa kenduta urtero sailkatu baita kanporaketa horretarako. Lehen aldia da, ordea, biak batera sartu direna finalean egoteko lehian.

Hiru aurrekari

Eta Buruz Burukoaren historia luzean ere ez dira asko halakorik egitea lortu dutenak. Zehatz esateko, hiru herritako pilotariak baino ez dira lehiatu Buruz Burukoaren final batean, Azkoitia, Axpe eta Leitza.

Berrienetik hasita, Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea leitzarrek jokatu zuten 2008ko finala, oso giro berezia izan zuen finala, zenbait pilotazalek bi kirolarien aurpegiak nahasten zituzten elastikoak ere eraman zituzten soinean. Atzelaria zen irabazteko faborito garbia, baina goraino bete zen Atano III.ean bietan gazteenak eraman zuen finala, nahikoa erraz gainera, 22-11.

Beste 35 urte joan beharko genuke denboran atzera herri bereko bi pilotariren arteko dema topatzeko. Atxondoko Axpe auzokoak biak, eta kilometro bateko distantziarik ere ez zegoen Roberto Garcia Ariño eta Iñaki Gorostizaren baserrien artean. Finala Logroñon jokatu zen, igande eguerdian. Gero, elkarrekin bazkaldu omen zuten, Guardian, eta herrira ere batera heldu ziren eta Apatamonasteriotik Axperako bidea gurdi baten gainean egin zuten, hori bai, txapela Gorostizaren buru gainean, 22-12 irabazi baitzuen.

Historiako lehen kasua, eta ziurrenik bitxiena, Atano anaien artekoa izan zen, Mariano, Atano III.a eta Joxe Mari, Atano VII.aren artekoa. 1942ko irailaren 27an jokatutako finalean, anaia zaharrenak 22-7 irabazi zion gazteari Gros pilotalekuan, bere palmares izugarria handituz.

Hamaika, sei urteotako finalerdietan

Aurtengo Buruz Burukoa aurkeztu zen egunean asko aipatu zen honako hau azken urteetako txapelketarik irekiena zela eta emaitzek hala dela berretsi dute. Azken bi txapeldunak, Jokin Altuna eta Oinatz Bengoetxea, ez dira finalerdietarako sailkatu eta historian zehar ohikoa ez den izen dantza izaten ari da azken urteetan.

Azken sei urteak begiratzen baditugu, hamaika izan dira finalerdietarako sailkatu diren pilotari desberdinak; Irribarria, Elezkano, Urrutikoetxea, Ezkurdia, Bengoetxea VI.a, Olaizola II.a, Altuna III.a, Rezusta, Martinez de Irujo, Retegi eta Idoate.

Horien guztien artean, Mikel Urrutikoetxea litzateke azken urteetako erregularrena, sei urtean bost aldiz sailkatu baita, iaz kenduta, beste guztietan. Irribarria eta Bengoetxea VI.a leudeke bigarren postuan, bakoitza hiru finalerditan egonda. Aldiz, Beñat Rezusta litzateke zerrendako atzelari bakarra.J.O.