2019/05/14

Iparraldeko homofobiari buruzko datuak eman ditu Bascosek

Ipar Euskal Herriko LGBT+ elkarte Bascosek homofobiari buruzko lehen inkestaren emaitzak plazaratu zituen atzo, Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian. Galdeketa internet bidez egin zen urtarril eta martxo artean, eta urtero egiten jarraitzeko asmoa agertu dute. 247 pertsonari galdetu diete eta herenak erasoak jasan dituzte.

Idoia ERASO|BAIONA
0514_eh_bascos

Eremu publikoan egiten diren hitzezko erasoak dira ugarienak. Inkestatutakoen %18,7 beldurrarazi egin dituzte noizbait; %87,9k zeharkako oharrak jaso dituzte; ahozko erasoak %43k; eta eraso fisikoa %8,4k. Eraso horietatik %9 soilik salatu dira. Galdetutakoen artetik 142 gazteak dira, eta horietatik herenak baino gehiagok eskola eremuan gaizki sentitzen dela adierazi dute. Izan ere, bildutako datuen arabera, erasoen laurdenak eskola eremuan gertatzen dira, eta %13,2, kirol edo aisialdi testuinguruan. Lan eremuan ere, galdetutakoen laurdenak ezeroso sentitzen dira. Inkesta bete duten pertsonen erdiak diskriminazioaren testigu izan dira.

Online egindako inkesta honen bitartez, normalean Baionan elkartearen inguruan biltzen den jendeaz harago heltzeko asmoa izan dute. «Ezagutzen ez genituen kasu anitz badirela ohartu gara. Halaber, testigantza gehienak kostaldekoak izan dira; barnealdekoak %20 soilik», esan zuen elkarteko presidente Beñat Gaschenek. Datu horretatik ondorioztatu dute elkarteak oraindik jendartean ezaguna izateko lan egin behar duela, bereziki Lapurdiko kostaldeaz harago. Izan ere, erasoren bat pairatu duten pertsonetatik %13 baino ez dira hurbildu beraiengana laguntza eske.

Estatu frantses mailan, LGBT+ kolektiboko 1.200 pertsonari egindako inkesta plazaratu zuen atzo “Le Monde” egunkariak. Bertan sei pertsonatik bat erasoa izan dela agertzen da, eta horietatik %7k eraso fisikoa pairatu dutela. Aurreko urtearekin alderatuta, azken horien kopurua bikoiztu egin da.

Parisera begira garatu dituzten kanpainen berri ere eman zuten. Gobernuari gutun irekia helarazi zioten sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratuz, 500 pertsona inguruk sinatuta. Gobernuak abiatutako homofobiaren kontrako kanpainaren oinarriekin bat egiten badute ere, urrunago joan dadila eskatu diote. Horrekin batera, neurriok euskal lurraldera irits daitezen zailtasunak daudela agertu zuten. Hezkuntza zentroetan prebentzioa lantzeko Ministerioaren baimenik ez dutela jaso salatu zuten, eta horrek beren zerbitzuak eskaintzea eragozten diela, soilik galderei erantzuteko baimena izanik.

Biktimei arreta egokia emateko, Baionako suprefetura eta jendarmeriarekin harremanetan jarri ziren. Azken honetan harrera ona izan zuten, eta beraien proposamenari baiezkoa eman zioten, alegia, harrera protokoloa eta erreferentziazko pertsona bat ezartzeari. Gobernu ordezkaritzatik, aldiz, ez dute erantzunik jaso.

Bide berean, homofobiaren aurrean biktimak lagundu ditzaketen erakunde eta eragileen berri ematea proposatzen dute. Hezkuntza, gizarte, medikuntza, polizia eta auzitegien eremuan sentsibilizazio ekintzak egitea eta elkartearen baliabideak ezagutaraztea nahi dute. Azkenik, botere publikoengana ere zuzendu dira, elkarlana proposatuz eta behatoki baten sorrera iradokiz.

Martxoan, Baionako Avironeko jarraitzaileek Biarritz Olympique 1. mailako errugbi taldeko presidente Jean-Baptiste Aldigeri jaurti zizkioten irainen bideoak oihartzun handia izan zuen Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean. Bascosek klub horiengana jo zuen eta hurrengo denboralditik goiti sentsibilizazio kanpainak abiatuko ditu.

LGBT+ migratzaileak

Azken hilabeteetan Baiona Europara bidean doazen etorkinei harrera egiten dien hiria izanik eta Bascosek egoitza bertan izanik, LGBT+ komunitateko errefuxiatuei laguntza eskaini nahi die elkarteak. Abendutik Etorkinekin kolektiboarekin batera lan horretan ari da.

Elkarteak, bere eremua Ipar Euskal Herrian eta Biarnon badu ere, elkarlana muga horiez harago eramaten du. Bizkaiko Aldarte-rekin eta Gipuzkoako Gehitu-rekin elkarlanean ari da, etorkinen harrera kudeatzeko. Dispositibo hau aurkezteko Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna hautatu dute; hala, ekainaren 20an agerraldiak eginen dituzte EAEn goizean eta Baionan arratsaldean.

Bestalde, maiatzaren 17an Atalante aretoan “Coming out” filma aurkeztuko dute, eta horren zuzendari Denis Parrot bertan izanen da, ikusleekin mintzatzeko.

PARTE  HARTZAILEAK


Inkestan beraien esperientzien berri eman dutenen %51 emakumeak dira, %47 gizonezkoak, %2 transgeneroak eta %1ek ez du bere burua definitu. Adinari dagokionez, erdiek 26-49 urte artean dituzte, %23k 50-65, %18k 18-25 eta %9 adin txikikoak edo 65 urtetik goitikoak dira.

EREMU PUBLIKOA


Bascosek «online» egin duen inkestak erakusten duenez, eremu publikoetan zenbait egoera errepikatzen dira: lesbianei beren sexu harremanak «zuzentzeko» ohartarazpenak, laneko diskriminazioa eta eraso errepikatuak hierarkiak aintzat hartu gabe.