GARA
ANDOAIN

Bertsolaritzari buruzko monografikoa dakar «Jakin»-ek bere azken alean

Bertsoari neurria hartu nahi izan dio “Jakin” aldizkariak 231. alean, bertso munduan azkenengo urteetan aldaketa esanguratsu eta sakonak gertatzen ari direla-eta. Bereziki, bertsolaritza ere badelako euskal gizartea eta kultura ulertzeko ispilu eta, horrenbestez, baita gizarte eta kultur aldaketetan eragile ere. Horregatik osatu du “Jakin”-ek bertsolaritzaren inguruko monografikoa, Bertsozale Elkarteak eta EHUko Harkaitz Zubiri eta Xabier Aierdi soziologoek burututako ikerketa soziologikoa abiapuntu hartuta.

Harkaitz Zubirik berak laburbildu ditu ikerketako datuak eta bertsolaritza gizarte mugimendu bezala definitzearen arrazoiak. Jone M. Hernandez Garcia antropologoari ikerketako generoaren atalari begiratzeko eskatu dio “Jakin”-ek. Eta, azkenik, Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak gonbidatu ditu nor bere esperientziatik jarduteko, Miren Rubio Iturria kazetariak gidatutako mahai-inguru luze eta sakonean.

Nor bere neurrian

Hain zuzen ere, monografiko honetan nor bere doinu eta neurrian aritu dira Amuriza, Egaña eta Lujanbio bertsolariak “Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa 2015-2018” ikerketako emaitzak aletzen. Hiru belaunaldiren ordezkariok datuen atzean dagoenaz hausnartu dute eta, bizipenekin elkartuz eta susmoari maiz izena paratuz, bertsolaritzaren etorkizunari begira ipini dira, Miren Rubio kazetariak gidatuta. Ikerketaz gain, Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak “Kontrako eztarritik” liburuan jasotako hamabost emakume bertsolariren lekukotzek ere zeharkatu dute hiru bertsolariekin batera ale berezi horretarako egin duten solasaldia.