2019/05/15

Emarri neska taldeak gogoz astindu zuen igandean Usurbilgo harritzarra

Lasuen eta Txorierri seikote mistoak ere saiatu ziren antzinako markakhobetzen, baina azkenean ez zuten lortu plaza bat osatzea.

Andres OSA «SAKONA»
0515_kir_usurbil

Igande arratsaldean Usurbilgo plazan ikusitakoa zita berezia izan zen. Eguraldi bikaina eta jendea plaza inguruan zerbait ikusteko lepoa luzatu beharrean. Jende asko bildu baitzen bertan. Hiru talde ziren 3.800 kiloko harriari tiraldiak egiteko hurbildu zirenak, marka berria ezartzeko asmotan. Eta denetan bereziena Emarri, 22 emakumek osatutako taldea, ia denak gipuzkoarrak. Hainbeste neska uztartzeko gailu erosoa jarri zuten, eta neska taldea lana modu onean egiteko gai izan zen.

Hasiera Emarri taldeak eman zion. Lau plaza egiteko asmotan atera ziren eta eginahalak egin arren hiru plaza, bi zinta eta 2,20 metro egin zituzten ordu erdiko saioan. Hori da emakume taldeak egin zuen marka eta hor gelditu da beste norbaitzuek ondu nahi badute. Ez da erraza 22 tiralari batera eta modu egokian lanean aritzea. Harritzar horrekin lehenbiziko kolpea ez bada behingoan eta bat-batean ematen, ezer gutxi egin daiteke.

Ondoren Lasuen taldea aritu zen. Lau mutilek eta bi emakumek osatzen zuten taldea. Hamar zinta, bi metro eta 24 zentimetroko marka burutu zuten. Plaza bat egitea ezinezkoa izan zitzaien ordu erdiko saioan. Eta azkenik, Txorierri taldeak, lau gizonezkok eta bi emakumek osatua hau ere, 9 zinta 2 metro eta 40 zentimetroko marka osatu zuten denbora berean.

Horrela ba, Usurbilgo harriak atseden hartuko du berriz ere. Ez dadila denbora luzeegian geldirik egon eta bitartean igandean puskatu zitzaion zatia ongi konpondu dezatela.

Urrezko aizkora

Larunbatean Galdakaon jokatu zen Urrezko Aizkoraren jardunaldi berri bat eta, bertan, Mikel Larrañagak bere lana 16 minutu eta segundo batean amaitu zuen. Julen Alberdi Txikiak, aldiz, 17 minutu eta 11 segundo behar izan zituen. Biek jaso dute txartela ondorengo jardunaldirako. Harri-jasotzen, Goenatxo III.a eta Inhar Urruzuno, 75 jasoaldirekin, aurreneko postuan jarri dira.

Igande eguerdian Leitzan beste jardunaldi bat jokatu zen eta aizkoran Jon Rekondok 15 minutu eta 45 segundoko denbora behar izan zuen lanak bukatzeko. Ruben Saralegik 16 minutu eta 16 segundoko marka egin zuen. Harri-jasotzen, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Beñat Telleria aritu ziren, guztira 71 jasoaldi eginaz.