2019/05/16

Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
Ez da kopa huts bat

Orbaina ez zaio kasik nabari apurtutako zatitxoa itsatsi dion katiluari. Berari ere denborarekin aztarna desagertuko zaiola esan zion zauria sendatu zion erizainak eta, bata odolez zikindu zion arren, katilu batean pilatutako arkatzetako bat oparitu zion, nerabezaroa gertu duen neskatoak estutxean eramango ez duen baina betiko gordeko duen katu itxuradun arkatza.

Margoak gordetzen dituen katilua erori zaio liburuak mahai gainean jartzean, baina tentuz itsatsi eta konpondu du. Horregatik maite ditu katiluak, apurtuz gero jasotzeko errazak diren zati handietan apurtzen direlako, eta horregatik ere ez ditu maite milaka zati txiki, iheskor eta arriskutsutan hausten diren beirazko edalontziak.

Halaxe jazo zen. Egongelako lurraren kontra jo orduko milaka puskatan lehertu zen kopa dotorea. Markelek jaurtitako baloiak botatako kopa hautsiaren kristal bat zapaldu zuen Kirak eta orain orbaina duen oinean sartu zitzaion. Markelek futbolean jarraitzen du eta Kirari, berriz, egun hartatik oinutsik ibiltzea debekatu zioten.

Baina ez dago zuok irabazitako kopa apurtzerik. Zuon kopak ez du orbainik, zauriak sendatzera datorrelako. Zuon kopan kolore denak sartzen dira. Zuon kopan gordeko ditugu Kirari jarritako debeku guztiak eta eskolako jolastokian alde batera egin beharko du Markelek, zuon kopari esker ahaldundu den neskatoak ere baloia eskuratu dezan.