2019/05/16

Memoriaren ertzak

Aimar Elosegi Ansa «Moio» gazte transexualaren suizidioari heldu dio Kattalin Minerrek eta gaur egunera ekarri du, birgizarteratu, hamabi urte igaro eta gero. «Moio. Gordetzea ezinezkoa zen» berreskurapen ariketa bat da, literariotasunetik harago doana, eta orain Tene Mujika bekaren ondotik argitaratua. Memoriaren ertzak batu ditu liburuan ezezagutzaren eta transmisioaren hutsak bete eta auzia isiltasunetik erreskatatzeko intuizioari segika.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
0516_kul_kattalin2

Ez da nobela bat edo fikzio bat. Literatura lanetatik harago doan liburua da. Kattalin Minerrek (Hernani, 1988) berak aitortzen du. Gertutik egokitu zitzaion Aimar Elosegi Ansa Moioren heriotza bizitzea. Laguna zuen.

Duela hamabi urte bere buruaz egin zuen gazte hernaniarra zen Moio. Transexuala. Eta heriotzak astindua eragin zuen gizartearengan. Baina isilunea iritsi zen ondoren.

Minerrek berak kontatu zuen. «Bere heriotzaren hamargarren urteurrenean ez nuen ezer egiteko beharrik sentitu. Ez omenaldirik, ez lore eskaintzarik. Doluaren amaiera iradoki zezakeen». Baina ez. Hilabete gutxira ondoeza sortu zitzaion idazle eta feminista hernaniarrari, kezkak, erantzunik gabeko galderak. «Gaia plano intimora pasa zen eta transmisioa ez zen bermatzen ari».

Eguneroko bat idazten hasi zen, bere hipotesi eta galdera horien planteamenduak nonbait islatu eta isiltasun horri nonbait ahotsa topatze aldera. Baina bide laburra izan zuen formula hark.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak deitzen duten Tene Mujika bekara aurkeztu zuen proiektua 2017an eta 2018an berari esleitu zioten. Atzo Donostian aurkeztutako “Moio. Gordetzea ezinezkoa zen” liburua urtebetean egindako bide horren emaitza da.

Bederatzi pertsonarekin egindako elkarrizketen ondorio da lana, nahiz jende gehiagorekin hizketaldiak izan dituen idazleak. Halere, helburua ez da izan Elosegiren biografia bat idaztea, haren heriotza birgizarteratzea baizik, eta haren gainetik irakurketa politikoak ere plazaratzea. «Ez dut nire hipotesiak baieztatzen edo gezurtatzen jardun, baizik bere ingurukoen bizipenak eta gogoetak batu ditut».

«Oso liburu intuitiboa» dela defendatu zuen Minerrek, eta senari jarraiki egituratu du liburuaren hezurdura. «Konturatu nintzen asko neukala entzuteko. Garrantzitsuena ez zen nire ahotsa, besteena baizik. Ahots desberdinak posizionamendu desberdinetatik». Memoriaren ertz desberdinen batura da “Moio. Gordetzea ezinezkoa zen”, eta begirada poliedriko hori elikatu du hainbat elkarrizketaturen jariotik. Liburuak testigantza ugari biltzen ditu: Ander Elosegirena (Moioren anaia), bere lagun taldearena eta ikuspegi politikoago eta kulturalagoa ematen lagundu dietenena, Josebe Iturrioz Medeakeko aktibistarena edo Maialen Lujanbio bertsolariarena, kasu. «Medeak-ek garai hartan heriotzari izaera politikoa eman zion, hau da, transfobiaren ondoriozko heriotza bat izan zela, eta hori ere zor nien».

Elkarrizketak egin ahala, ordena kronologiko berean txertatu ditu testuak liburuan. «Elkarrizketa batek bestea ekarri dit eta egin bezala daude liburuan. Irakurlea eraman nahi nuen nik bizi dudan prozesu berean».

Liburuaren atarian, Minerrek berak idatzitako «intentzioen adierazpena». Bi plano bereizi behar izan ditu, pertsonalki Elosegirekin lotzen zuena, eta distantziazko irakurketa bat eskaintzea ahalbidetuko ziona, bestea.

Moio eta bera elkartzen zituen lagunartea ere batu du elkarrizketetan. «Lagun artean behar izan dugu ez hitz egitea. Baina komentatu nienean zertan nenbilen eta zein zen nire asmoa, bat-batean ordura arte hitz egin ez genituen gauzez hitz egiten hasi ginen. Hustuketa bat izan zen».

Aimar Elosegiren kasuari jarraipena eman dio denboran Minerrek, gaur egungo gazte transexual baten lekukotza jasoz. «Zenbat aldatu da egoera Euskal Herrian? Gizarte bizigarri bat bada transexualentzat? Zer baldintzatan bizi dira? Ekai Lersundiren heriotza kolpe handia izan zen niretzat eta konfirmatu zidan ez ginela jendarte bizigarri batean bizi. Argi ikusi nuen gazte transexual bat elkarrizketatu nahi nuela».

Eta Brayan Altimasberes gazte hernaniarrak eman zion bere lekukotza. «Brayanek pertsona transexual baten bizipenak, ezagutzak eta aurkitu dituen espazio bizigarriak azaltzen ditu, horietako asko Aimarren heriotzari lotuak». Baina transmisioan jarri zuen alerta. «Transmisioaren beharraz ohartu nintzen eta horretan akatsa egin dugula». Memoria izateko beharra.

Arazoa gizartearena da

Duela hamabi urte, Aimar Elosegiren heriotzaren ondorenetan egindako hileta zibilera itzuli zen Miner. Eta liburuan bildu duen esaldi bat berreskuratu zuen, ekitaldian parte hartu zuen pertsona batek ahoratutakoa. «‘... urte batzuk barru tabu hori gainditzean, gure herrian aitzindari bat izan zela gogoratu’. Eta ez ginen gogoratzen ari».

Hamarkada baten ondoren egoera nola ikusten duen galdetuta, Minerrek aipatu zuen bere ustez «ikusgarritasunean asko hobetu da, ezagutza minimo bat badago. Brayanek dio babesa, errespetua, tolerantzia badagoela, baina ezezagutza oso handia dela oraindik».

Eta jarraitu zuen: «Ezin dugu jarraitu pentsatzen arazoa trans pertsona horiengan dagoela. Arazoa sailkapen binarioa egiten duen gizartearena da. Arazoa gorputz horietatik deszentralizatu behar da. Transak ondo iruditzen zaizkigu, gizonak oso gizon eta emakumeak oso emakume diren artean. Erdikoak molestatu egiten digu eta arazoa gizartean dago».

BERTSO SAIOA


Igandean trans bertso-saioa antolatu dute Hernanin Maialen Lujanbio, Eli Pagola, Beñat Gaztelumendi, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta German Urteaga bertsolariekin. Amaia Agirre arituko da gai-jartzaile. 19.00etan izango da Ezkiaga pasealekuan; eguraldi txarra izanez gero, Sandiusterri aretoan.

ARAZOA


«Ezin dugu jarraitu pentsatzen arazoa trans pertsonengan dagoela. Arazoa sailkapen binarioa egiten duen gizartearena da».