Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren jendetzak

Kontzertu batzuetara jendetza joaten da. La Polla Records taldeak bi egunetan 34.000 ikusle izango ditu Barakaldoko BECen. Aurreko batean esan zidaten –ez dakit datu sinesgarria den; irentsi egin nuen zurrumurru-amua egiaztatu gabe, baina ez dionez inori kalterik eragingo hemen doa– Berri Txarrak taldeak Anoeta estadioa alokatu nahi zuela agurrerako antolatuko dituen kontzertu horietako baterako. Ez omen zioten proposamena onartu. Izugarria izango litzateke Euskal Herriko talde batek egun bakarrean Anoeta estadioa beteko balu, edo San Mames. Bada, ordea, ifrentzua. Zuzeneko askotara jende-ostea baino jende “ostiarik” ez da joaten, bakar batzuk, gutxi batzuk.

Iñaki Altolagirre Matxeten Sega Sound Killers talde berriaren hirugarren kontzertua Tabakalerako areto txikian izan zen. 200 edo 250 ikusle, zale, lagun batu ziren zuzenekoan. Ordainpeko sarrera. Kopurua ez dago batere gaizki. Zale, lagun eta ikusleen profil orokorrak, edo batez bestekoak, asaldatu ninduen. Pedigrikoak ziren. Musikariak, managerrak, promotoreak, soinu teknikariak, ekoizleak, diskoetxetakoak, kazetariak eta ikusle arruntak. Ez dut ikusi hain metro koadro gutxian, eta kontzertu batean, musikarekin zuzenean zerikusirik duen horrenbeste pertsona edo profesional. Zerk erakarri zuen jendetza profesional hori kontzertu jakin batera? Musikariek gustuko izaten dute normalean kidekoen zuzenekoetara joatea. Gero etorriko dira kritikak, hausnarketak, interpretazioak, desadostasunak edo onespenak agertokian gertatutakoaz.