2019/05/16

Oskar Alegriak gidaturik, «Irudikatutako hiria» zikloa Alondegian
GARA|BILBO

Bihar hasi eta uztailaren 4ra bitartean hartuko du Bilboko Alondegiak “Irudikatutako hiria. Zinemaren bidez hiri bat eraikitzeko saioa” zikloa. Zortzi film luzek eta bi dokumental laburrek osatzen dute Oskar Alegria idazle eta zinemagileak komisariatutako ziklo hau. Bere hitzetan, «Monopoly bat izango balitz bezala», ziklo honek filmez osatutako hiriko mapa bat eraikitzea eta proiektatzea du helburu.

Zikloaren xedea dokumental garaikidea erabiliz «gizakiaren asmakuntza handienetako bati buruz» hausnarketa filmikoa proposatzea da: «Greziako polisa». Izan ere, 2050ean mundu osoko hiru biztanletik bi halako batean biziko dela uste da. «Eta programan paradoxa eta jokoa erabiliko ditugu, irudikatuko dugun hirian israeldar ile-apaindegi baten ondoan kanadar farmazia bat egongo baita, eta Habana erdian sortutako zuhaitz batetik Parisko hilerri batera joango baikara oinez: Père-Lachaise-ra», adierazi du.

Zinemagileak

Zikloa gaur abiatuko da “Forever” (2006) filmarekin eta datozen asteetan zikloak ibilbide bat egingo du hainbat emakume zuzendariren lanetatik: Heddy Honigmann, Maya Goded, Myriam Ayçaguer, Roya Eshraghi, Irene Gutierrez, Iris Zaki eta Claire Simon. Sorkuntza garaikideko erreferenteak dira denak, baina horien lanak ez dira zirkuitu komertzialean proiektatzen.

Gianfranco Rossiren “Sacro Gra” (2013) lanak itxiko du programa. Alegriaren iritziz, film honek «poetikotasun handiz deskribatzen du Erroma hiria barnean hartzen duen ingurabide handia, hor hiri eternoa murruetatik kanpo hasten baita dardarka eta taupadaka. Harekin bilduko dugu gure zikloaren azken mapa».